Síguenos en redes sociales:

Beharsarea atariak euskarazko lana sustatzeko hiru kanpaina abiatuko ditu

Beharsarea atariak euskarazko lana sustatzeko hiru kanpaina abiatuko dituUtzitakoa

Beharsarea atari digitalak euskarazko enplegua sustatzeko hiru kanpaina jarriko ditu martxan 2025. urtean, Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneko iturriek prentsa ohar bidz jakinarazi dutenez.

Euskaraz lan egiteko prest dagoen langilea eta langile euskalduna behar duen herritarraren arteko zubi-lana egiteko sortu zen Beharsarea atari digitala 2011n Getxon, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Egizu Euskara Elkarteak sustatuta.

Ordutik, Bizkaiko zenbait udalerri batu dira egitasmora, eta gaur egun, Getxorekin batera, Erandiok, Leioak, Basaurik eta Galdakaok ere sustatzen dute.

"Euskaraz egiten duten ume zaintzaile, tabernari, dendari eta bestelako langileen eskaera gero eta handiagoa da gure herrietan, eta eskaera horri erantzun nahi dio Beharsareak", adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.

Modu honetan, euskaraz lan egiteari lehentasuna ematen zaio, eta zerbitzuaren berehalakotasuna ere nabarmentzen da, hau da, "goizetan haurrak eskolara eramango dizkien zaintzaile bila dabiltzan gurasoek, esaterako, egun batetik bestera aurki dezakete zaintzaile euskalduna Beharsarearen bidez".

Berehalakotasun hori hobetze aldera, aurten lan poltsen bidez egituratu da zerbitzua eta horietan oinarritutako hiru kanpaina jarriko dira abian urtean zehar.

Batetik, udako aisialdira begira begirale eta entrenatzaileei dagokien kanpaina egingo da astelehen honetan hasita; bestetik, ikasturte berriaren atarian umeak zaindu edota haiei eskolak emango dizkien langileei zuzenduta kanpainba egingo da; azkenik, Gabonetako kanpainari begira, merkatari eta ostalariena burutuko da.

Bestalde, kanpaina propioa izango ez duen arren, euskara eskolak emango dituzten edota euskaltegietan ariko diren irakasleei zuzenduriko lan poltsa berria ere aurkituko du erabiltzaileak beharsarea.eus atarian.