Síguenos en redes sociales:

Euskadin 37 pertsona hil dira trafiko-istripuetan 2024an

2017tik lehenengo aldiz, ez da txirrindularirik hil

Euskadin 37 pertsona hil dira trafiko-istripuetan 2024anUtzitakoa

Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordeak eta Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak aurkeztu dute Euskadiko errepideetako 2024ko istripuen tasaren behin-behineko balantzea. Orokorrean, heriotza-tasak azken urteetako beheranzko joerarekin jarraitu du, baina, 2023an bezala, hildakoen kopuruaren banaketa ezberdina da hiru lurraldeen artean.

Gipuzkoa da, berriz ere, biktimen indize handiena duen lurraldea, nahiz eta aurreko urtearekin alderatuta jaitsi egin den; Araban eta Bizkaian biktimen indizeak gora egin du. Era berean, behera egin du hildakoen kopuruak kolektibo kalteberetan, nahiz eta gora egin duen motor-gidarien kasuan. Aurten ez da heriotzarik izan txirrindularien artean.

Guztira, 37 pertsona hil dira trafiko-istripuan Euskadin, 2023an eta 2022an baino 7 gutxiago eta 2019an baino 14 gutxiago (pandemia aurreko parekatzeko moduko azken urtea). Generoaren arabera, hildako pertsonen % 76 (28) gizonak izan ziren eta % 24 emakumeak (9). Kolektibo kalteberei dagokienez, gora egin du hildako motor-gidarien kopuruak (15; iaz 11 hil ziren eta 2022an 14), eta behera egin du oinezkoenak (5 heriotza izan dira, eta 2023an 8 izan ziren eta 2022an 15). Eta 2017tik lehenengo aldiz ez da txirrindularirik hil Euskadiko errepideetan.

Datuak perspektiban aztertuz gero, beheranzko joera mantentzen da: 2003an 207 pertsona hil ziren, 2010ean 67, 2019an 51 eta 2023an 37.

HERIOTZA-TASA LURRALDEEN ARABERA

Lurraldeei dagokienez, Gipuzkoan izan da heriotza-tasa handiena 2024an, 19 hildakorekin, 2023an baino 11 gutxiago eta 2022an baino 1 gehiago. Bestalde, hildakoen kopuruak zertxobait gora egin du Bizkaian, lurralde horretan 10 pertsona hil baitira, eta 2023an 8 hil ziren eta 2022an 18. Araban ere behera egin du hildakoen kopuruak, 8 pertsona hil baitira, eta 2023an 6 hil ziren eta 2022an 8.

KOLEKTIBO KALTEBEREAK

Euskadin hildako 37 pertsona horietatik % 54 kolektibo kaltebereen batekoak ziren: 15 motor-gidariak ziren, 5 oinezkoak eta, azken zazpi urteetan lehenengo aldiz, ez da txirrindularirik hil. Generoari dagokionez, motor-gidarien % 80 gizonak ziren (emakumeak % 20), bai eta oinezkoen % 60 ere (emakumeak % 40).

Aurreko urteekin alderatuz gero, 2024an kolektibo kaltebereetako hildakoen ehunekoa % 6 igo da 2023arekin alderatuta, baina 2022arekin alderatuta % 14 jaitsi da.

2024a nabarmendu da ez delako hildakorik izan txirrindularien kolektiboen, eta 2017tik ez da halakorik gertatu (2023an 2 hildako izan ziren kolektibo horretan eta 2022an 1). Bestalde, 2024an 15 motor-gidari hil dira, eta 2023an 11 hil ziren eta 2022an 14. Era berean, behera egin du oinezkoen heriotza-tasak ere, 5 oinezko hil baitira, eta 2023an 8 hil ziren eta 2022an 15.

Bai 2023an bai 2024an, eta pertsona zaurgarrien kolektiboari dagokionez, Gipuzkoan gertatu dira heriotza eragin duten istripu gehien (hildako guztien % 71 eta % 60, hurrenez hurren). Zehazki, motor-gidarien kolektiboan izan da heriotza-tasarik handiena (kolektibo zaurgarriaren guztizkoaren % 67 2023an eta % 75 2024an).