Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astelehenean, urriaren 28an, hodeiak eta ostarteak ikusiko ditugu zeruan. Araba eta Nafarroa hegoaldean hodeiak ugariagoak izango dira eta bertan euria egin dezake noizbehinka. Gainerako tokietan, bereziki ipar isurialdean, hodeiekin batera urdingune politak zabalduko dira. Lehen orduetan lanbroa edota lainoa izan daiteke hainbat txokotan.

Tenperatura beste apur bat igoko da. Hiriburuetan, Baionan 10 gradu espero dira gutxienez eta 17 gehienez, Bilbon 11 gutxienez eta 18 gehienez, Donostian 10 gutxienez eta 17 gehienez, Gasteizen 6 gutxienez eta 14 gehienez eta Iruñean 8 gutxienez eta 15 gehienez.

Itsasoan norabide aldakorreko haizea ibiliko da, 2ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuko da, 2-3koarekin; itsaso kizkurra eragingo du, egunaren bigarren partean itsaskirriko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 02:10ean eta 14:23an izango dira, eta itsasbehereak 08:01ean eta 20:30an. Uraren tenperatura 18 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Balorazioa

"Goizean lainoa eta lanbroa izango dira. Zerua tarteka hodeitsu egongo da, bereziki Araban eta egunaren bigarren partean. Noizbehinka euri txikia egin dezake, bereziki Araba hegoaldean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; egunaren bigarren partean ipar-osagaia nagusituko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira eta maximoak gutxi igoko dira".