CAF Taldeko Solaris enpresak 96 eta 30 autobus elektriko egingo ditu Herbehereetako Transdev eta Arriva operadoreentzat, hurrenez hurren, herrialdeko errepide eta hirietan zerbitzua eskaintzeko. Bi kontratuen bolumena 90 milioi euro ingurukoa da guztira.

Gainera, CAF Taldetik gogorarazi dutenez, orain gutxi, Hannoverren (Alemania) egindako IAA Transportation azokan, '2025. urteko autobusa' sari entzutetsua eman diote Solarisen hidrogeno bidezko Solaris Urbino 18 autobus modeloari gehitu behar diegu.

Modu honetan, euskal enpresatik nabarmendu dute Solarisek zero isuriko hiriko autobusen Europako merkatuan lider izaten jarraitzen duela, 2012tik entregatutako zero isuriko autobusen guztizko kopuruari dagokionez, oraindik ere lehen postuan baitago.

Kontratu berriei dagokienez, Transdev Nederland Holding Herbehereetako garraio operadore nagusietako bat da, eta 96 autobus elektriko egiteko eskaria egin dio Solarisi. Urbino gamako lau ibilgailu eredutakoak izango dira, ibilbidearen beharren arabera luzera ezberdinetakoak.

Solarisek Transdev operadorari hornituko dizkion zero isuriko ibilgailuek Utrecht probintzian eskainiko dute zerbitzua eta 2025eko azken hiruhilekoan entregatzea aurreikusi da.

Data horretan bertan hasiko da Utrechteko Gobernuak orain gutxi Transdev operadorari esleitu dion hamar urteko emakida. Eskari horrek Utrecht hiriko eta inguruko garraio publikoaren kudeaketa barne hartzen du 50 autobus linearekin eta hiriko tranbia sareko hiru linearekin. Hain zuzen ere, linea horietan ematen dute zerbitzua CAFek azken urteotan hornitu dituen 50 tranbiak baino gehiagok.

Era berean, Solarisek 30 autobus elektriko fabrikatuko ditu Arriva operadorearentzat: 12 metroko 26 Urbino autobus eta 18 metroko lau autobus artikulatu. Ibilgailuak Mendebaldeko Brabante eskualdean egongo dira funtzionamenduan 2025etik aurrera. Eskualdeko autobusen flota guztia 2025. urtearen erdialdean emakida berria hasi aurretik zero isurpeneko flota bihurtzeko operadoreak abian jarritako planean jasota dago inbertsioa.