Etxe bakoitzeko batez besteko gastua 36.331 eurokoa izan zen termino arruntetan 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urtean baino %4,0 handiagoa, aisia eta kultura taldean egindako gastua nabarmenduz. Pertsonako batez besteko gastua %4,5 hazi zen eta 15.570 eurokoa izan zen 2023an, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Gastu taldeei dagokienez, etxe bakoitzeko batez besteko gastuen bilakaera goranzkoa izan zen 12 taldeetatik zortzitan. Etxe bakoitzeko batez besteko gastuak aisia eta kultura taldean izan zuen igoerarik handiena 2023an, %21,6ko hazkundearekin 2022ko datuen aldean; horrek esan nahi du etxe bakoitzeko batez besteko gastua 1.745 eurokoa izan zela urtean.
Hazkunde hori, batez ere, jolas, kirol eta kultur ondasun eta zerbitzuak taldean egindako gastuan oinarritu zen, talde horrek gastuaren %62 hartu baitzuen, pakete turistikoak taldean egindako %19ko gastuaren aldean; gainerako %19a ikus-entzunezko, argazkigintzako eta informazioa prozesatzeko ekipoetan, eta prentsa eta liburuetan egin zen.
Hazkunderik handiena izan zuen etxe bakoitzeko batez besteko gastuaren bigarren talde handiena bestelako ondasunak eta zerbitzuak izan zen (%8,4); ondoren zeuden jatetxeak eta hotelak (%6,2) -urtean zehar etxe bakoitzean 4.088 euroko batez besteko gastuarekin-, osasuna (%5,8) -kontzeptu horretan Euskadiko etxeek urtean batez beste 1.272 euro gastatu zituzten-, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (%5,0) eta etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak (%4,5).
Aitzitik, aurreko urtearen aldean, etxeko batez besteko gastuak gutxitu egin ziren irakaskuntza (-%15,6), altzariak, etxeko gaiak eta etxeko mantentze arrunterako gaiak (-%5,3) eta komunikazioak (-%3,2) taldeetan, aurreko urteetan izandako joerarekin jarraituz.
Beste datu batzuk
Kontsumoaren egiturari dagokionez, etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak taldeko gastua izan zen EAEko etxeen gasturik handiena, herena baino gehiago kontzeptu horretara bideratu baitzuten (%35,4), hau da, etxe bakoitzeko 12.849 euro urtean 2023an. Gainera, gastu talde horrek etxeen guztizko gastu aurrekontuan zuen garrantzia %0,2 puntu igo zen 2022tik.
Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoa da 2023an etxe bakoitzeko batez besteko gastua %8,8 jaitsi zela energia fakturan, elektrizitatearen gastua %11,9 jaitsi zen 2022. urtearekin alderatuta, eta gasarena %4,1; gastu horiek %9,6 eta %21,5 igo ziren 2022an, hurrenez hurren.
Etxeko batez besteko gastua elikadura eta alkoholik gabeko edariak taldean hamarren bat igo zen 2022an zuen pisuarekiko, eta gastuaren %15,7 izan zen 2023an, hau da, 5.714 euro etxe bakoitzeko. 2023an, bi taldeen artean (etxebizitza, honi lotutako gastuak eta elikadura) etxe bakoitzaren batez besteko aurrekontuaren %51,1 batu, 2022an %50,8 batu zuten bitartean. Jatetxeak eta hotelak taldean egindako gastuaren garrantziak ere gora egiten jarraitu zuen (4.088 euro urtean etxe bakoitzeko 2023an), %11,3ra iritsiz, 2022an %0,3 gehiago.