Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariaren 21. aldiak ostiralean hasiko du bere ibilbidea, apirilaren 12an, Bergaran (Gipuzkoa), eta maiatzaren 12an amaituko du, Markina-Xemeinen (Bizkai) eskeiniko den emanaldiarekin. Orotara, 35 herritan ikusi ahal izango da zortzi filmek osatutako bilduma. Egutegi osoa Laburbiraren webgunean dago ikusgai.
Zortzi film laburretako asko, ibilbide oparoa
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, antolatzaileek jakinarazi dutenez, bilduma osatzen duten zortzi film laburretako asko ibilbide oparoa egindakoak dira dagoeneko mundu zabaleko zinema jaialdietan. Hain zuzen, 'Dena asmatuta dago' (Jone Arriola), 'Katalinaren zoria' (Guillermo Ordas), 'Erro' (Amaia Lejarreta), 'Babesa' (Ander Iruretagoyena), 'Mundu berri bat' (Mikel Alvarez), 'Zirrara' (Ane Cuesta), 'Talkak' (Ilune Diaz eta Jordi Nuet) eta 'Betizu buru' (Kim Maiteny Munoa) dira ikusiko diren zortzi lanak.
"Gaur egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da Laburbiraren XXI. edizioko film labur sorta. Eta eduki zein estiloz denetariko lanez osatua dagoenez, euskal sortzaileen lanetaz gozatzeko aukera emango die herritarrei", nabarmendu dute antolakuntzatik.
Solasaldia egiteko aukera, hainbat emandaldietan
Gainera, eta urtero bezala, aurtengoan ere hainbat zuzendariekin solasaldia egiteko aukera izango da zenbait emanalditan. Laburbiraren aurtengo edizioari buruzko informazio osoa https://irudienea.topagunea.eus/egitasmoak/laburbira/ web orrian aurki daiteke.