Gasteizko Udal Antzokien Sarearen neguko programazioko sarreren salmentak "zifra oso positiboak" izan ditu, 21.800 pertsona joan baitira antzokiotara eta 15 aldiz agortu baitira sarrera guztiak. Zehazkiago, Principal antzokiak eta gizarte etxeek sarreren %83 saldu dituzte.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak nabarmendu du neguko denboraldia "azken urteotako arrakastatsuenetakoa" izan dela, "%80tik gorako datuekin eta sarrerak agortu dituzten hainbat ikuskizunekin".

"Programazio bakoitzaren diseinua erronka bat da, baina balantzearen emaitzak hain positiboak direnean, konturatzen gara herritarrek erantzuten dutela eta antzerkirako, dantzarako, ikuskizunetarako gogoa dutela. Azken finean, kulturarako gogoa", adierazi du.

Gasteizko Udal Antzokien Sarearen neguko denboraldia urtarrilaren 26tik martxoaren 24ra egin da, antzerki, dantza, familientzako ikuskizun, musika eta abarrekin lotutako 37 emanaldi eskainiz.

Neguko denboraldia amaitu ondoren, udaberrikoa apirilaren 11n hasiko da. Antzerki, dantza, euskara eta familiako ohiko abonamenduez gain, 'Kontzertu Handiak' zikloa, 'Umore Giroan' zikloa eta musikalak ekarriko ditu programazioak. Sarrerak dagoeneko salgai daude Principal antzokiaren webgunean.

Abonamenduei dagokienez:

  • Antzerki-abonamendua: 7 ikuskizunetatik 6 ikuskizunetan, sarrera guztiak saldu dira kalitate eszeniko handia dutelako eta antzezle handiak taularatu direlako: José María Pou, Aitana Sánchez-gijón, Carmen Machi, Alicia Borrachero, Aitziber Garmendia edo Javier Gutiérrez, besteak beste.
  • Dantza-abonamendua: % 80ko okupazioa lortu du, eta horrek esan nahi du aurtengoan sendotu egin dela arte hori Kukai Dantzari eta La Veronali esker.
  • Euskarazko ikuskizunen abonamendua: euskaraz programatutako ikuskizunek gora egiten jarraitzen dute eta batez besteko asistentzia % 70ekoa izan da.
  • Familia-ikuskizunetarako abonamendua: % 72 eta % 90 arteko datuak izan ditu eta eskainitako ikuskizunetako batzuk izan dira, adibidez, hauek: “Andersen”, “El patito feo” edo “Ícaro”.
  • Abonamendutik kanpo: Rodrigo Cuevasek, Izarok eta Euskadiko Orkestraren familientzako ‘Pantomima’ kontzertuak sold out kartela jartzea lortu zuten. Bestalde, Tomatito, ‘La madre’ eta Txistularien Bandaren Mendeurreneko Kontzertua saldutako sarreren % 90 ingurura iritsi ziren.
  • Udal Musika Bandaren abonamendua (aldi honetako kontzertuak): kontzertuetarako saldutako sarrera kopurua % 85ekoa izan da.
  • Mendeko Flamenkoa: Vicente Sordo “Sordera”, Árcangel, Sandra Carrasco eta Jesús Méndezen ikuskizunak Jesús Ibáñez de Matauco Antzokia betetzea lortu zuen.
  • Ibaiondoko ikuskizuna: sarrera guztiak saldu ditu.
  • JIM Actual: ziklo honek horren ohikoak ez diren lengoaia eta dramaturgia berriei eskaintzen die arreta eta, beraz, publikoa, oso fidela izan arren, txikiagoa da. Oraingoan, okupazioa % 48koa izan da, eta ‘Oracle Island’ tokiko koprodukzioaren estreinaldi absolutua eta Alberto Conejeroren ‘En mitad de tanto fuego’ lana iritsi dira.