Arabako Batzar Nagusietako Berdintasun Taldeak lehentasunezko 18 ekintza ezarri ditu aurten gauzatzeko, erakundeko 2022-2025 epealdirako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren barruan.

Taldea lau aldiz bildu da urte hasieratik, eta ekintza planaren egitura berria eta 2024rako Kudeaketa Plana landu ditu bileretan. Egitura berriarekin, ardatzak ordenatu dira, ekintza batzuk birformulatu dira eta beste batzuei edukia eman zaie. Plana berrantolatu ondoren, taldeak egin beharreko proposamenei eman die lehentasuna, eta 2024an egin beharreko ekintza plana adostu du.

Horrela, Arabako Batzar Nagusietatik jakinarazi dutenez, ekintzak plan operatibo bat bermatzeko aurreikusita daude, ondo planifikatua eta plana garatzeko eta aplikatzeko behar besteko aurrekontuarekin.

Planaren beraren komunikazioarekin, egutegiarekin eta zabalkundearekin lotutako ekimenez gain, taldeak identifikatuko ditu berdintasunaren eta genero ikuspegia integratzearen arloko prestakuntza beharrak, erakundeko langileentzat eta batzarkide taldeentzat egokiak direnak. Gainera, kontratuetan, diru laguntzetan eta hitzarmenetan sartutako berdintasun klausulak berrikusiko dira, beharrezkoa denean eguneratzeko.

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetza ildo bat irekitzea ere aurreikusi du lantaldeak, baita berdintasunaren arloko esperientziak Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiekin eta gertuko parlamentuekin partekatzeko jardunaldi bat ere.

Era berean, planean jasotzen da aurten bertan protokolo bat onartuko dela laneko jazarpenak, sexu jazarpenak eta sexuan oinarritutako jazarpenak prebenitzeko eta horietan jarduteko, Arabako Batzar Nagusien esparruan jokabide horiek ezabatzeko jarduera esparru bat zehazteko, eta ganberako funtzionarioei eta politikariei aplikatuko zaie.

2023ko urriaren 31ko Mahaiaren erabakiz, Arabako Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana dinamizatu, jarraitu eta ebaluatzeko lantaldearen osaera onartu zen. EAJ, EH-Bildu, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos talde politikoetako ordezkariek eta Idazkaritza Nagusiko lau funtzionariok eta Protokolo eta Komunikazio Zerbitzuko pertsona batek osatzen dute lantaldea.