Afaraba-Alzheimerra duten Pertsonen Senideen Elkarteak hiri-eremuan eta, bereziki, landa-eremuan Alzheimer kasuak prebenitzeko eta detektatzeko egiten duen lana azpimarratu du Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. “Ekimen honek beste ingurune batzuen eredu izan behar du; izan ere, hiru urtean 340 balorazio baino gehiago egingo dira Arabako Lurralde Historikoan”, Alzheimerraren Nazioarteko Eguna dela-eta Gasteizko Santa Maria Katedraleko elizpean egindako ekitaldian adierazi duenez aste honetan.

Ekitaldian Alzheimerrari buruzko manifestu bat irakurri zen. Miguel Angel Etxebarriak eta Gorka Urtaran foru diputatuak ere hitz egin zuten. Lobo and Carmine taldearen musika emanaldiak animatu zuen elkarraldia.

Melgosak eskerrak eta zorionak eman zizkien Miguel Angel Echevarríari, Afarabako presidenteari, “eta elkartea osatzen duten pertsona eta familia guztiei, egunero Alzheimerra bizi dutenen bizitzarako baldintzarik onenak bilatzen egiten duzuen lan ikaragarriagatik”.

 “Euskadin, Europa aurreratuenean bezala, bereziki sentsibilizatuta gaude Alzheimerrarekin bizi direnen bizi-baldintza onenak ikertu, prebenitu, jardun, tratatu eta lortzeko beharrarekin. Gaur egun, 45.000 pertsona inguruk dute Alzheimerra edo beste dementzia batzuk Euskadin: 65 urtetik gorako hamar pertsonatik bati eragiten dio, eta 85 urtetik gorakoen artean, hirutik bati”, adierazi zuen Melgosak.

Joan den astelehenean, Alzheimerraren Astearen barruan, Afarabako unitate mugikorrak Langraitz bisitatu zuen. Bertan, 15 balorazio egin zituen, eta bihar, ostirala, Legutiora joango da. Alzheimerra prebenitzeko Afarabaren unitate mugikorra duela bi urtetik dabil Arabako hainbat herritan, kasu eta egoera berriak detektatzeko, 2023an.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Eusko Jaurlaritzatik prentsa-ohar baten bitartez azaldu zutenez, hilaren 18tik 22ra bitartean, AFARABAk dibulgazio-kanpaina bat egingo du Memoria eta bihotza batzen izenarekin, eta bere unitate mugikorra Gasteizen eta aurten Alzheimerrarekiko Udalerri Aktiboak proiektua ezarriko den kuadrilletan egongo da.

2023an Gasteiz, Langraiz Oka eta Legutioko pertsonentzat planifikatu da kanpaina. “Familia horiek zerbitzu horrengatik erakutsitako esker ona amaigabea da. Afarabaren ekimena eredugarria da gure herriko beste erakunde batzuentzat”, gaineratu du Melgosa sailburuak.

Nerea Melgosaren arabera, “hiri-eremuan zein landa-eremuan, Eusko Jaurlaritzak dementziarekin adiskidetsua izango den Euskadi bat eraikitzen laguntzen du. Hain zuzen ere, “Euskadi Lagunkoia” programak, Alzheimerren elkarteekin lankidetzan, etengabe sustatzen du herri bakoitzean tratu adiskidetsua ematea dementzia pairatzen duten pertsonei, haiek ikusaraziz, baita haien ingurune guztiari ere”.

 “Esku-hartze goiztiar eta prebentibo hori gero eta beharrezkoagoa da, eta Afaraba da gure lurraldean aitzindari. Arabako eta Euskadiko gizarteak, erakundeek eta familiek modu positiboan esku hartzen dute lan horretan”, esanez amaitu du Melgosak.