Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Estíbaliz Olabarri Trafikoko zuzendaria Eusko Jaurlaritzak antolatutako segurtasunez gidatzeko ikastaroetan izan dira. Doako prestakuntza asteburuan zehar eman dute Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian instalatutako zirkuitu seguru batean. Helburua trebeziak eta abileziak hobetzea izan da, motor-gidarien kolektiboan istripuak saihesteko, errepidean zaurgarrienetako bat baita. Guztira 100 pertsonak parte hartu dute perfekzionamenduko ikastaro teoriko-praktiko hauetan, eta, besteak beste, ibilgailua kontrolatzeko eta menderatzeko teknikak, frenatzeko moduak, hiriko eta hiriarteko trafikoan mantendu beharreko posizionamendua, egoeraren araberako trazadura eta segurtasun pasiboko elementuekin zerikusia duen guztia landuko dituzte.
Estíbaliz Olabarrik adierazi duenez: “Ikastaro hauek antolatzen dira Eusko Jaurlaritzak hartuta duen eta Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025erako Plan Estrategikoan jasota dagoen konpromiso bati erantzunez. Horren arabera, formakuntzako, prebentzioko eta sentsibilizazioko programak ezarriko dira kolektibo zaurgarrien (txirrindularien, oinezkoen, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen edo motor-gidarien) istripuak saihesteko.
HILDAKO MOTOR-GIDARIAK
Aurtengo urtean, orain arte, 6 motozale hil dira Euskadin trafiko-istripuetan: guztiak Gipuzkoan. 2022an 14 motozale hil ziren EAEn, urte horretan errepidean hildako guztien % 32, alegia.
Hildako motozaleen bilakaera:
2018- 14
2019-16
2020-9
2021-17
2022-14
JAR ZAITEZ NIRE GURPILETAN ESTRATEGIA
Errealitate hori nolabait ere arintzeko, Eusko Jaurlaritzak sentsibilizazio-programa batzuk garatzen ditu, horien artean, motorrean (bakarka edo taldean) segurtasunez gidatzeko aholkuak jasotzen dituzten dekalogoak edota Nire gurpiletan jar zaitez estrategia, sentsibilizazioa sustatzeko dena motor-gidarien eta beste era bateko ibilgailuak gidatzen dituzten pertsonen arteko elkarrizketen bidez. Estrategia horretan sartzen dira zilindrada ertaineko eta handiko motor-gidarientzat segurtasunez gidatzeko antolatzen diren ikastaro hauek. Orain arte 450 pertsonak parte hartu dute Eusko Jaurlaritzak antolatutako formakuntza horretan, orain dela 5 urte abian jarri zenetik.