Euskadiko larrialdietako taldeek, SOS Deiak zerbitzuak koordinatuta, aireko istripu baten simulakroan parte hartu dute Donostiako aireportuan. Aenak antolatu duen ariketak bi helburu izan ditu: erakundearen Larrialdietako Planean aurreikusitako jarduera- eta koordinazio-prozedurak ebaluatzea eta era horretako larrialdi bati erantzutean inplikatuta dauden kolektiboen integrazio- eta ezagutza-maila egiaztatzea.

Aireportura iristean lur hartu duen aireontzi ertain batek izan duen istripuaren simulakroan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikariek, Ertzaintzak, Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuak, suteak itzaltzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko taldeek eta Hondarribiko eta Irungo udaltzaingoek parte hartu dute. Aireontziak, 22. pista-buruan lur hartu ondoren, plataforman sartzean hego batekin terminalaren eraikineko aire-eremuko markesina jo du.

Kolpearen ondorioz, markesinaren zati bat behera etorri da eta lurreko bi langile eta bidaiari batzuk harrapatu ditu. Bi zauritu oso larri, hiru zauritu larri eta sei zauritu arin izan da istripuaren balantzea.

Gogoan izan behar da Euskadik bere EAEko Larrialdi Aeronautikoen Plan Berezia duela, Babes Zibileko Kontseilu Nazionalak homologatuta duen ezaugarri horietako lehenengo plana da. Plan hori 2022ko otsailaren 1ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Euskadiko Babes Zibileko Planean (LABI) integratuta dago. Horren helburu nagusia da eskumenak dituzten administrazioek koordinatuta eta goitik behera kudeatzea Planean bertan deskribatutako larrialdi aeronautiko desberdinak.