Irailaren 1ean bete zen urtebete TUVISA Ukrainako gerraren ondorioei erantzuna emateko Plan Nazionaletik eratorritako deskontuak bere garraio-txarteletan eta -abonuetan aplikatzen hasi zenetik. Aparteko neurri hau indarrean egon den urtean, garraio publikoan hobaria jaso duten erabileren kopurua 14.245.271koa izan da. Hau da, erabilera guztien (15.574.112) % 91,47koa.
Bere garaian, Gasteizek garraio publikoko abonuetan ahalik eta deskonturik altuena aplikatzea erabaki zuen. Hortaz, BAT (BARIK edo MUGI) garraio-txartela, BUX eta abonuak (30D eta 30D Gaztea) dituzten erabiltzaileek TUVISAn indarrean dagoen tarifaren erdia ordaindu dute orain arte. Garraio publikoko abonuak 16 motatakoak dira eta Eusko Jaurlaritzak eta Garraio Ministerioak emandako laguntza ekonomikoari esker jaso dute hobaria.
Deskontu horiei, gainera, 12 urtez azpikoentzat autobusa doakoa izan zedin Gasteizek abenduaren 12an jarritako neurria gehitu behar zaie.
Hileroko bilakaeran jartzen badugu arreta, martxoa izan zen hobaridun bidaia gehien jaso zituen hilabetea: 1.419.024. Ondoren, maiatza dator: 1.338.901 erabilera tarifa murriztuarekin. Abuztuan izan ezik (hilabete horretan, deskontudun 873.808 bidaia izan ziren), hilabete guztietan izan dira milioi bat hobaridun erabilera baino gehiago. TUVISAko autobusen erabilerarekin lotutako datu horiek agerian uzten dute aurreko urtearekin alderatuta, zifrak nabarmen hobetu direla. 2022ko urtarriletik abuztura bitarte, metatutako erabiltzaile kopurua 8.042.632koa izan zen. Aldiz, aurtengo aldi berean, kopuru hori 10.628.395ekoa izan da. Hau da, iazkoa baino % 32,1 handiagoa.