Aurreko urteetan bezala, Ertzaintzak eta udaltzaingoek segurtasun-dispositibo bereziak ezarriko dituzte jaietan delituak prebenitu eta saihesteko, uda guztian zehar izango baitira jaiak Euskadiko herri eta hirietan, aste honetan bertan Sanjuanekin, Sanpedroekin eta Sanmartzialekin hasita.  Jai-barrutietan, kontzertu-eremuetan edo ostalaritza-establezimenduetan jende asko ibiliko dela-eta, herritarrei eskatzen zaie kontuz ibiltzeko karteristekin.

Orokorrean, "delitugileek jende asko pilatzen diren lekuetan jarduten dute, eta poltsak, diru-zorroak edo telefono mugikorrak lapurtzen dituzte. Beste batzuetan, biktima alkoholdun edarien eraginpean dagoela aprobetxatuz egiten diote lapurreta", azaltzen dute Eusko Jaurlaritzatik.  Aurreko urteetako esperientzia kontuan hartuta, egiaztatu da karterista batzuk berariaz hurbiltzen direla jaietan dauden herrietara lapurreta egitera.

Egun horietan etxeetako segurtasuna ere zaindu behar da (batez ere beheko edo lehenengo solairuetan), eta ibilgailuetako lapurretei ere aurrea hartu behar zaie eta ez da utzi behar agerian ez poltsarik ez balioko objekturik.

Gomendioak jaietan edo ekitaldietan lapurretei edo ebasketei aurrea hartzeko:

Objektuak, telefono mugikorrak, diru-zorroak, agiriak eta gainerakoak poltsikoetan edo poltsa barruko konpartimentuetan gordetzea komeni da. Objektu horiek ez dira begi-bistan utzi behar, ez mahai gainean ez karteristek kentzeko moduan.

"Gaur egun hain ohikoa ez bada ere, batez ere gazteen artean, kutxazain automatiko batetik dirua ateratzera bagoaz, gorputzarekin oztopatu behar da arrotzen batek eragiketa ikustea, eta dirua lehenbailehen gorde behar da, gure eskuetan erakutsi gabe".  

Poltsa beti ondo helduta eta gorputzari erantsita eraman behar da, indarrez tira egin eta kentzea saihesteko. Ahal izanez gero, lepotik urrezko katea indarrez tira eginda kentzea ere saihestu behar da.

Jende asko dagon lekuetan ez fidatu gure ondoan jartzen diren pertsonez, batez ere jarrera susmagarriren bat nabaritzen badugu edo esku artean jantziren bat badute disimulatzeko.  

"Garrantzitsua da lagunengandik ez aldentzea, eta are gutxiago leku apartatuetara edo argi gutxi dagoen lekuetara. Beti norbaitekin egotea komeni da, indarkeria eta beldurra erabiliz lapurtzen dutenak edo beste delitu batzuk egiten dituztenak bakarrik egoteak biktimari ematen dioten zaurgarritasunaz baliatzen baitira", azpimarratu dute.   

Etxean lapurretak saihesteko gomendioak, Ertzaintzaren hitzetan:

Etxetik kanpora egon behar baduzu oporretara zoazelako edo beste arrazoiren batengatik, horretaz ez hitz egin ezezagunen aurrean. Ziurtatu atea ondo itxita utzi duzula, eta ez utzi etxean ez zaudela jakinarazteko abisurik atean ez eta mezurik ere erantzungailu automatikoan.

Orokorrean, komeni da sarrailagile profesional batekin harremanetan jartzea etxeko aterako segurtasunik onenaz aholku eman diezazun. Alde horretatik, garrantzitsua da segurtasuneko ezkutu bat eta zilindro bat jartzea ez txikitzeko. Badira bumping edo impresioning bidez giltza bat sartzea eragozten duten modelo magnetikoak ere, horiek izanik lapurrek erabiltzen dituzten modus operandi ohikoenak.

"Eskatu familiarteko edo bizilagunen bati posta jasotzeko eta pertsianak ireki edo ixteko. Konfiantzazko norbaiti esan behar izanez gero non aurkitu ahal izango zaituen".