UPV/EHUren Adimen teknologikoa gizartean enpresaren garapen ekonomiko jasangarria lortzeko ikerketa-taldeak egindako azterketa batek agerian utzi du 4.0 Industriako teknologien integrazioak eragin positiboa duela langileen laneko segurtasunaren eta osasunaren zenbait alderditan, eta arreta bereziz aztertu ditu teknologia horiek ezartzearen ondorioz sortzen diren arrisku berriak.

Hala, eta ildo horretatik, UPV/EHUtik jakinarazi dutenez, "4.0 Industriako teknologiek abantaila ugari eta askotarikoak eskaintzen dituzte: prozesatze-denborak eta beharrezko baliabide eta tresnak murrizten dituzte; eragiketen kudeaketa hobetzen dute; produktibitatea areagotzen dute… Horrek guztiak pertsonen laneko segurtasunean eta osasunean nola eragiten duen aztertzeko, UPV/EHUko ikerketa-taldeak inkesta bat diseinatu zuen, eta 4.0 Industriako teknologiak garatzen aitzindariak diren enpresetako 130 zuzendarik eta/edo teknikarik erantzun zuten". “Gero, integrazio teknologikoaren adibide esanguratsu diren proiektuak aukeratu genituen, zortzi talde teknologikoak kontuak harturik: (fabrikazio aditiboa, adimen artifiziala, ikusmen artifiziala, big data eta/edo analitika aurreratua, zibersegurtasuna, gauzen Internet, robotika eta errealitate birtuala eta areagotua), proiektuok sakon aztertzeko. Horretarako, 37 elkarrizketa egin ondoren, beste informazio-iturri batzuk aztertu genituen, hala nola proiektu-txostenak eta txosten teknikoak” azaldu du Iker Laskurain Iturbek, zeina ikerketa-taldeko kide eta lanaren egileetako bat baita. 

Ikerketan ikusi denez, “oro har, aztertu diren 4.0 Industriako teknologiek eragin positiboa dute edozein enpresatako langileen segurtasunean eta osasunean”. Baina “arazo edo arrisku berriak ere sortzen dira —batez ere psikosozialak—, eta horiek kontuan hartu behar dituzte enpresek, langileen konfiantza eta osasuna mantenduko badituzte. Sortzen ari diren arrisku berrien eraginak teknologia guztietan hauteman dira, gauzen Interneten kasuan izan ezik”, azpimarratu dute Germán Arana Landínek eta Mikel Iturratek.