Delitu informatiko, ziberdelitu edo delitu telematiko izenek barne hartzen dituzten egintzek oinarrizko bi osagai dituzte, nolabait ere: delitu bat izatea eta informatika erabiltzea.
Delitu informatikoa da delitua egiteko, bitarteko gisa nahiz xede gisa, informatika erabiltzen duen delitu-egintza.
Estatuko Fiskaltza Nagusiaren 2/2011 Jarraibidearen arabera, delitu informatikoak hiru multzotan sailkatzen dira: Delitu-jardueraren xedea sistema informatikoak edo IKTak dituzten delituak; Jarduera kriminala egiteko IKTen abantailez baliatzen diren delituak eta jarduera kriminala egiteko IKTen abantailez baliatzen diren, eta, horrez gainera, ikertzen zailak diren eta ikertu ahal izateko gaiari buruzko ezagutza espezifikoak izatea eskatzen duten delituak.
Edonola ere, "delitu informatikotzat jotzen diren delitu-egintzek Kode Penalean tipifikatuta egon behar dute, baina bertan ez dago delitu horiek jasotzen dituen titulu edo kapitulu jakinik; egintza bakoitza babestu nahi den ondasun juridikoari buruzko tituluan dago jasota. Bestalde, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren 3/2017 Zirkularrak, 2017ko irailaren 21ekoak, 1/2015 Lege Organikoak, martxoaren 30ekoak, aldatutako Zigor Kodeari buruzkoak, sekretuak argitara eta jakitera emateari eta kalte informatikoen delituei dagokienez, oinarri bat ezartzen du era horretako legez kanpoko egintzen tipifikazioan", azaltzen dute Eusko Jaurlaritzatik.
Horrela, honakoak dira Internet edo IKT bidez egindako delitu informatikorik ohikoenak: Askatasunaren aurka (Mehatxuak, jazarpena); osotasun moralaren aurka (tratu laidogarria, sexu-askatasunaren aurka, adingabeen korrupzioa edo Child grooming, haur-pornografia); intimitatearen aurka (sekretuak argitara eta jakitera ematea, sistema informatikoen aurkako erasoak edo interzeptazioak), ohorearen aurka (irainak/Kalumniak); ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurka (iruzurra, enpresen sekretuak argitara ematea, kalte informatikoak edo sabotajea, jabetza intelektualaren aurkako delituak, irrati-difusioko zerbitzuen edo zerbitzu interaktiboen aurkako delituak, faltsutzea/faltsifikazioa, diskriminazioaren, gorrotoaren eta indarkeriaren apologia).