Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Lanbide Heziketak 64.105 plaza eskainiko ditu datorren ikasturtean, egungoan baino 5.780 gehiago, hain zuzen ere. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta maiatzaren 24an itxiko da.

Horrela jakinarazi dute asteazken honetan Lanbide Heziketako jarduneko sailburuorde Jorge Arevalok eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen jarduneko zuzendari Rikardo Lamadridek.

Bada, 2024-2025 iaksturteari begira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "nabarmen" handitu du Lanbide Heziketako eskaintza, 5.780 plaza berri sortu baititu. Horrek esan nahi du Lanbide Heziketako ikastetxeetan 244 talde berri sortzea.

Prestakuntza mailen arabera, 5.780 plaza berri horietatik gehienak goi mailako heziketa zikloetan sortuko dira: oinarrizko mailako zikloetan 780 plaza gehiago, erdi mailakoetan 1.950 gehiago, goi mailakoetan 2.690 gehiago eta espezializazio ikastaroetan 360 gehiago.

Ikastetxeen sareari dagokionez, 5.780 plaza berrietatik gehienak sare publikoko ikastetxeetarako sortu dira (4.005 gehoago); itunpeko ikastetxeen sarean 1.775 plaza berri sortu dira.

Datorren ikasturterako onarpen prozesuaren berritasun nagusia da C graduak (ziurtagiri profesionalak) eta ibilbide integratuak egiteko ere ireki dela. C graduak, lehentasunez, jardunean edo langabezian dauden langileei eskaintzen zaizkien irakaskuntzak dira.

Lanbide Heziketako Eskaintza Modular Malguaren parte izanik, C graduen ezaugarria da ikasleak titulu bateko moduluetako batzuetan soilik matrikulatzen direla (ez titulu bateko modulu guztietan), eta amaitzean, ziurtagiri profesional bat lortzen dutela.

Ikasle horiek Eskaintza Modular Malguaren bidez egiten eta gainditzen duten guztia metatu egin daiteke, titulu bat lortu arte (titulua osatzen duten modulu guztiak osatzen dituztenean), azken helburua hori badute.

Oinarrizko mailako zikloetan 780 plaza gehiago, erdi mailakoetan 1.950 gehiago, goi mailakoetan 2.690 gehiago eta espezializazio ikastaroetan 360 gehiago.

Bestalde, ibilbide integratuen helburua da Lanbide Heziketako oinarrizko maila hasten duen pertsona batek erdi mailako ikasketak egiten jarraitu ahal izatea ikastetxe berean (oinarrizko maila amaitzean). Horregatik, lau ikasturteko ibilbidea da (bi oinarrizko mailakoak eta bi erdi mailakoak). Lehenengo bi urteak igarota, DBHko graduatu titulua eta oinarrizko teknikari titulua lortuko ditu, eta hurrengo bi urteak amaituta, teknikari titulua (erdi mailakoa).

Azkenik, espezializazio ikastaroak urtebeteko iraupena duten ikastaroak dira. Erdi mailako edo goi mailako heziketa ziklo bat amaitu duten ikasleentzat dira, eta egin duten zikloarekin lotura estua duen arlo edo eremu espezifiko batean espezializatzeko aukera ematen diete.