Eta azkenean, iritsi da eguna, lehertu da festa. Euskaltzaleen eta euskararen ekitaldirik garrantzitsuena hasi da gaur arratsaldean bertan Irunen. 23.Korrika Irungo San Juan Plazatik abiatu da 16.00etan, eta jada bidean da. Lapurdira, hain zuzen, Hendaiara, 17.20ak aldera iritsiko da Gorritiren lekukoa, eta, besteak beste, Azkainetik eta Uztaritzetik ere pasako da. Bihar, goizaldean helduko da Nafarroa Beherera, Aiherratik. Laburbilduz, aurtengo 23.edizio honetan ere, Euskal Herriko hamaika herri, auzo, eta txoko igaroko ditu 11 egunetan egitasmoak, hilaren 24an Baionan lekukoak ezkutuan daraman mezua irakurtzearekin batera egitasmoari amaiera emango zaion arte. Harro herri lelopean, euskararen aldeko lasterketa egingo dute milaka euskaltzalek, 2.700 kilometroko ibilbidea osatuz.
Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak gaur goizean egitasmoa hasi aurretik adierazi duen moduan, “Euskal Herriko askotariko eragileak batzen dituen egitasmo bakarrenetakoa” da Korrika, eta horrek ere egiten du “berezi”. Haren ustetan, 11 egunez, Euskal Herria batuta ikusteko aukera ematen du egitasmoak. Komunitate indartsua osatzen dugula erakusteko aukera dela ere azaldu du. “Euskara dakitenek ez dakitenekin bat egiteko egunak dira hauek”, baieztatu du Elordik. Herritarrengan ere komunitate sentimendu hori sorraraztea da, hain zuzen, AEKren helburua. “Euskarak batuko gaitu, euskarak egingo gaitu herri, bakoitzak beretik bere ekarpena eginda eta onartuta bestea desberdina dela”, zehaztu du. Bukatzeko, zailtasunak zailtasun, AEK-ko kideek “euskararen normalizazioaren alde” lanean jarraituko dutela ere nabarmendu nahi izan du koordinatzaileak. “Guk normalizazioan lanean jarraituko dugu, uste baitugu euskara eskolek bakarrik ez dutela Euskal Herria euskaldunduko: beste arloetan ere eragin beharra dago”, azaldu du.
Gaurko egunean zehar ordea, aldarrikapenentzako tarteaz gain, festarako gogoa ere nagusi izan da Irunen, eta oraindik ere, aurretik diren orduetan, “festak jarraituko duela” nabarmendu dute antolatzaileek. Goizean goizetik hasi da festa. Izan ere, 11.00etan hasita, Bidasoako DBHko ikasleek egin duten Gazte Korrikak girotu ditu Irungo kaleak. Festa handiaren atarikoa izan da hau. Ospitale zaharreko plazan ere artisau azokara jende ugari hurbildu da, eta bertan izan diren 9 artisau postuetako saltzaileak ere “izandako harrera ezin hobea” izan dela baieztatu dute. Haien hitzetan, “Korrikari arratsaldean hasiera eman aurretik horrelako egitaraua antolatzeak balio berezia” ematen dio egunari eta egitasmoari. “Guretzat ere oso berezia da Korrika, eta gure modura gure aletxoa jarri nahi izan dugu. Gureak diren mota askotariko produktuak saltzen ari gara gaur, eta berdina gertatzen da euskararekin. Gurea da, herriarena, guztiona, eta zaindu beharra daukagu”, baieztatu du harrotasun osoz azokako postu bateko saltzaile den Jon-ek.
Aurtengo Korrika berrikuntza batekin dator: edizio honetarako app berri bat dago erabilgarri. Aplikazio horren bidez, ibilbidea kontsulta daiteke eta bertatik bertara jarraitzeko aukera egongo da: Korrikako furgonetaren geolokalizazioari esker, aplikazioaren erabiltzaileek lasterketa une oro nondik igarotzen den egiaztatu ahal izango dute.