Fekoor Desgaitasun Fisiko edota Organikoa duten Bizkaiko Pertsonen Federazio Koordinatzaileak herri agintariei eskatu die neurri egokiak har ditzatela desgaitasuna duten pertsonen familiei laguntzeko, "gure ongizatea eta duintasuna bermatuta".

Ospatu den Familien Nazioarteko Eguna dela eta, erakundeak bost puntuko manifestu bat argitaratu du, familia bat osatzeko, familia buru izateko eta "gainerako herritarren baldintza berberetan" familiako kideak zaintzeaz arduratzeko duten eskubidea aitortzea eskatzeko.

Halaber, Fekoorrek eskatu du erakundeek desgaitasuna duten haurrek eta nerabeek behar dituzten "arrazoizko egokitzapenak" gauzatzeko, beren eskubideak inolako "diskriminaziorik gabe" baliatu ahal izateko. Egokitzapen horien artean, eskola azpiegiturak, parkeak edo aisialdia irisgarri bihurtzea proposatu du.

Erakundearen beste eskaera bat da desgaitasunaren kolektiboaren barruan gazteen emantzipazioa eta familia berriak osatzea sustatzeko jarduerak abiatzea, bai eta bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoa bateratzea eta zaintzan erantzunkidetasuna erraztea ere, "arreta emakumeengan jarriz, beraiek baitira zaintzaz gehien arduratzen direnak".

Ildo horretan, Javier Gil Fekoorreko zuzendariak azaldu duenez, gazteen emantzipaziorako 2030 euskal estrategia sortu bada ere, "ez da kontuan hartu desgaitasuna duten pertsonen egoera, geroago emantzipatzen baitira, ezta laguntza ekonomikoak ematerakoan desgaitasunaren gainkostua ere, eta, ondorioz, laguntza horiek ez dira nahikoak eta desberdintasun ekonomikoak eragiten dituzte".

Hori dela eta, laguntza ekonomikoen sistemak berregituratzea planteatu du, bai eta %100eko kotizazioak ere, baldin eta gurasoetako batek eszedentzia edo lanaldi murrizketa hartzen badu desgaitasuna duen semea edo alaba zaintzeko.

Azken puntu gisa, Fekoorrek eskatu du familia nukleoetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzera bideratutako politikak bultzatzea, "familia ingurunean berdintasun guneak sortzeko, indarkeriarik gabekoak, emakumeek eta neskek beren bizitzaren inguruan erabakiak hartzea bultzatuko dutenak".

Gilek zehaztu du eskaera horiek guztiak Espainiako Estatuak duela 15 urte berretsitako Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioan jasota daudela, eta, beraz, erakundeek "nahitaez" bete behar dituztela.