Feminismoa, boterea, soziolinguistika, desira eta beste hamaika gai jorratuko dituzte hainbat gaztek Geruzak proiektuan. Oraingoz, sei ikus-entzunezko prestatu dituzte eta datozen hilabeteetan argitaratzeko asmoa dute; hiru aurten, eta gainontzekoak 2023an. Bideoak tematikoak izango dira. Lehenengoa, Desiraren inguruan arituko da eta urriaren 19an estreinatuko dute, Donostiako San Telmo museoan. Proiekzioarekin batera, bideoan agertzen diren bost gazteek solasaldia izanen dute: Zer da desira? Arauak al ditu desirak? Zerk pizten du zure desira? Halako galderen bueltan ibiliko dira, eta, ostean, webgunean egongo da ikusgai: Geruzak.eus.
Dokumentaletan, bost gazteekin batera, bi ahots entzun daitezke, kanpotik bezala datozenak. Pentsamenduaren eremuko bi adituen ahotsak dira, Marcos Zapiain eta Xukar Otero filosofoenak, hain zuzen. Haiek beste ikuspuntu batzuk sartzen dituzte, ikus-entzunekoa aberasteko.
"Beti kezka hori izan dugu, gazteei kultura, eztabaida eta pentsamendu kritikoa nola transmititu. Horren inguruan pentsatzen ikus-entzunezko sorta bat egitea bururatu zitzaigun", adierazi du Lorea Agirrek (Beasain, 1968), Jakin Fundazioko zuzendariak. Fundazioak eta Elkarrek hiru oinarrizko lerro konpartitzen dituztela azaldu du. Euskal kultura sortzen laguntzea eta transmititzea litzateke lehenengoa. Kultura erabiliz pentsamendu kritikoa eta autonomoa sustatzea oso garrantzitsua da haientzat ere. Azkenik, euskaraz ez ezik, euskaldun izatearen kondiziotik sortzea da haien hirugarren oinarria. Hortik abiatu ziren proiektua sortzeko unean, eta printzipio horiei berdintasunaren printzipioa gehitu zioten: "Genero berdintasunaren aldeko ekimena izatea nahi genuen, eta aldi berean aniztasunarena, biak lotuta doaz. Aniztasuna hartzea bai pertsona motan, bai egoera soziolinguistiko, identitate sexualean, eta abar".
Material gehigarriak
Dokumentalek bi material osagarri izanen dituzte webgunean. Alde batetik, kaiera izeneko dokumentu bat prestatu dute. Honen bitartez, bideoa ikusi ostean, ikusleek hainbat galderari erantzuteko aukera izanen dute, modu honetan, gaiaren inguruan gehiago sakontzeko eta hausnartzeko: "Hau lotuta dago Europan oso tipikoak diren filosofia gaiak edo pentsamendu gaiak lantzeko kaierekin, gazteentzako kaiera dinamiko batzuekin. Gure ustez oso interesgarriak dira", azaldu du Agirrek. Prestatu duten bigarren material osagarria euskal kulturan sortu diren kultur erreferentzien zerrenda bat da. Hau da, gai bakoitzaren inguruan euskal kulturan dagoeneko sortu dituzten lanak jarriko dituzte, diziplina desberdinetakoak. Adibidez, desioaren dokumentalean, bertsolaritzan, antzerkian, literaturan, musikan… gai horren inguruan egin diren lanak ipiniko dituzte. Nahiz eta gazteei zuzenduta egon, "egitasmo orokor bezala" egin dutela eta "publiko orokorrarentzat ere" badela adierazi du beasaindarrak: "Bizipenetatik eta errealitatetik kontatuta dago, oso jarrera humano batetik, baina aldi berean, sakonetik". Mundu guztia identifikatuta sentitu daitekeela uste du.
Webguneari dagokionez bi leku ezberdindu dituzte: publikoa eta pribatua. Publikoan bideoak igotzen joango dira, estreinatzen dituzten heinean. Atal pribatua eskola, gazteleku, edo orokorrean aisialdiko edozein gunerentzat pentsatuta dago. Pasahitza behar da bertan sartzeko baina "malgutasunez" eta "zabaltasunez" emateko asmoa dute. Hala ere, aurrez aurrekoek nolabaiteko estreinaldi kutsu hori izatea nahi dute.
Paternalismotik urrundu
"Galdera bat sortu zitzaigun: Gazteentzat nola egiten da? Erantzuna nahiko sinplea baina inportantea da: gazteentzat gazteekin egiten da", dio Agirrek. Askotan, kulturari edo aisialdiari dagozkion gazteei zuzendutako edukiak helduek egiten dituzte. Prozesu osoa, hasierako ideiatik, azkeneko produktura arte, helduek egiten dute, gazte bakar batek ere parte hartu izan gabe. Azken emaitzan nabaritzen da hori. Kasu honetan, hortik urrundu nahi izan dira, gazteei benetako ahotsa emateko: "Nire ustez oso paternalista da gure gizartea, baita gu ere. Hala ere, saiatu gara hortik aldentzen". Gazteen inguruan topiko asko esaten direla uste du: "Benetan uste dut gazteek gizarteari zer esan eta zer irakatsi asko dutela, eta gure helburua hori izan da. Espazio seguru eta libre bat eman nahi izan diegu, gizartean garrantzitsuak diren gaien inguruan hitz egin zezaten". Hala, egin behar dena, gazteen gainean dauden topiko horiek guztiak kendu eta entzun egin behar dela dio Agirrek.
Oraingoz, sei dokumental prestatu dituzte baina beste hiru bideo sortzeko asmoa dute, datorren urtean argitaratuko direnak. Bigarren fase bat egiteko asmoa dute ere, baina momentuz lehengo sortan zentratuta daude.