Ezgaitasuna duten emakumeen %50ek sufritu dute indarkeria matxista. Cocemfe, Ezgaitasun Fisiko eta Organikoa duten Pertsonen Espainiako Konfederazioak egindako ikerketa baten harira sortu zuen Marga Gutierrez zuzendariak 'Ama-das' dokumentala. Ezgaitasuna duten eta indarkeria matxistaren biktima izan diren lau emakumeren istorio eta testigantzak jasotzen ditu lanak: Idoia, Pili, Rosa eta Emma. Marga Gutierrez zinemagileak zuzendu du, El Buen Sitio ekoiztetxearekin lankidetzan, eta Cocemferen sustapenarekin.
Lana bilatzeko eta ahalduntzeko ikastaroetan parte hartzen duten pertsonekin lanean zebilen konfederazioa eta ikerketa bat abiarazi zuten. Datuekin harrituta, Edurne Jauregi Nafarroako Cocemfeko gerenteak zuzendaria deitu eta zerbait egin behar zutela esan zion. Lehenik eta behin, '¿Qué es para ti el amor?' izeneko sei minutuko bideoa sortu zuten 2016an. Honek ezgaitasuna duten bost emakume erakusten ditu, ahalduntze ikastaroen bidez beren bizitzaren gidaritza hartu dutenak eta, hainbat kasutan, genero-indarkeriari aurre egin. Baina, Gutierrezek dioenez, berehala konturatu ziren bideo horrekin ez zela nahikoa, eta beste zerbait egin behar zutela publikoarengana heldu ahal izateko. Orduan hasi ziren geroago 'Ama-das' bihurtuko zen dokumentalarekin lan egiten.
AHALDUNDU NAHIAN
Autoestimua eta bizitzan aurrera egiteko tresnak lantzen dituzte dokumentaleko lau protagonistek ahalduntze-ikastaro batean. Beldur, kezka eta zalantzez gain, ordea, badago emakume hauek lotzen dituen beste zerbait: indarkeria matxista. Aipatutako bideo laburra sortu zutenean ezagutu zituen Gutierrezek emakume hauek. Dioenez, baldintzak betetzen zituzten batzuei ez zitzaien interesatu dokumentalaren planteamendua, eta beste batzuek prozesu judizialetan zeudelako ezin zuten beren lekukotasuna publiko egin momentu hartan. Baiezkoa eman zutenen artean, elkarrizketa batzuk egin zituzten, eta azkenerako Emma Larreta Alegre, Idoia Orduña Soriano, María Rosa Marcos eta María del Pilar Navarro Lanas izan dira protagonistak. Zuzendariaren hitzetan: "Profil anitzak bilatu nahi genituen, islatzeko hainbat ezgaitasun mota dagoela, baita genero-indarkeria ezberdinak ere".
Bakoitzak bere istorioa kontatu du kamera aurrean. Beren beldur, min, sufrimendu, kezka, indar eta desioak partekatu dituzte publikoarekin. Gutierrezek dioenez, ez zaie batere erraza egin. Hasiera batean "erronka moduko bat" izan zen beraientzat, baina gerora erabat askatzailea izan dela azaldu du: “Oso maitatuak sentitu dira, eta guztiz ahaldunduta. Dokumental hau egitea terapia bat izan da beraientzat”. Protagonistetako hiru nafarrak dira, eta argentinarra laugarrena, nahiz eta Iruñean bizi den aspaldi. Nafarretako batek, aldiz, Frantziara aldatu zuen bere bizilekua, segurtasun arrazoiengatik. Hori dela eta, Iruñean eta Marsellan grabatuta dago filma, 2019 eta 2021 urteen artean.
KOLORETIK URRUNDU
Aipagarria da zuri beltzean filmatutako dokumentala dela. Horren arrazoia garbia dela adierazi du zuzendari eta gidoilariak: "koloretik urrundu nahi genuen, baita garrantzizkotik distraitu gaitzakeen edozer gauzatik ere". Garrantzizko hori zer den galdetuta ere, erantzuna garbia da: "lau emakume hauek eta haien ahotsak". Horrez gain, zuri beltzean grabatu izana bizitza berarekin metaforikoa dela esan du, beltza eta zuriaren artean gris-eskala handi bat dagoela adierazten baitu.
Horrez gain, dokumentalak baditu beste hainbat baliabide: Jokin Pascual aritu da argazkilaritza lanetan, Lucía Benito de la Fuente arte-zuzendaritzan, Danel Ciaúrriz soinuan, Andrés Salaberri Pueyo muntaian eta Paula Olaz musikan.
BIHOTZ ETA BEGIRADA IREKIAK
"Proiektu honen helburua ez da protagonistei gustatuko zaien film bat sortzea". Xedea ahalik eta jende gehienarengana iristea dela azaldu du Gutierrezek, baita horrelako edukirik espero ez duen publikoarengana ere. Kontzientzia eta bihotzak astindu nahi dituzte testigantza eta errealitate gordin eta gogor hauen bitartez.
Zinemetan ekainaren 24tik aurrera ikusi ahal den arren, lehenago Egiptoko Ismailia festibalean lehiatu da dokumentala, eta aurrestreinaldia egin zuten martxoan Iruñean. Hortaz, dagoeneko jaso dituzte hainbat kritika. Orokorrean, harrera oso ona izaten ari dela aipatu du zuzendariak, eta nabarmendu du egin dituzten aurkezpenetan lau emakumeak ere egon direla. Horrek aukera eman dio publikoari protagonistak ezagutu eta nolabaiteko feedback bat izateko. Teknikoki begiratuta, errespetu handiz egindako proposamena dela aipatu diote hainbatek Marga Gutierrezi. Berak dioenez, bereziki, "bihotz eta begirada irekiak" eskatzen dituen lana da.