Ez dagoela ETA behin betiko lurperatzerik. 13 urte joan dira azken heriotza egin zuenetik. 10, armak baztertu zituenetik. 5, desegin zenetik. Eta hala ere, zein osasuntsu dabilen erakundearen mamua herri honetako politikan. EH-Bilduren inguruko txiolariei bezala, niri ere iruditu zitzaidan EAJ pasatzen ari zela, ETA gora eta ETA behera, osasungintzaz eta politika fiskalaz mintzatu beharrean, ezker abertzalearekin eztabaidatu behar zuen bakoitzean. Espainiako zein Nafarroako eskuinaz zer erran, ETAren hilotza behin eta berriz desehorzten, Sanchezen nahiz Chiviteren gobernuak higatu beharrez. Zorionez, oharkabean pasatu zen Ernairen komunikatua, bere burua ETAren ondorengo izendatzen zuena. Euskararen ikusezintasunak abantailak ditu batzuetan. Ezin gauza bera gertatu Coviteren dokumentuarekin: 40 etakide ohi, haietarik 7 erailketagatik kondenatuak, EH-Bilduren zerrendetan. Bazka ederra, Feijóo, Esparza eta gainerakoendako. Ezker abertzaleak etikaren talaiatik defendatu du bere burua. “Estatuak ez ditu eskuak odolez garbiago”. Aukeran utzi diote: Zabaltzaren hiltzaileetariko bat goien gradura goratu berri dute espainiar armadaren eskalafoian. Ikuspegi globala atera dute bertze batzuek: mundu guztian, lehenagoko terroristak hauteskundeetara aurkezten izan dira noizbait. Shamir eta Mandela. Múgica eta Petro. Albiste ona izan behar luke, alde horretatik. Eta politika? Politika egin nahi zuelako erabaki zuen ezker abertzaleak ETAri akabaila ematea. Alabaina, itsasoa gezatu nahirik, begi-kliska egiten dio noizbehinka bere iragan armatuari. Oraingo keinu hau momenturik okerrenean heldu da, PSOE-PSNren gaineko presioa areagotzen duelako EH-Bildurekin lau urte hauetan ehundu duen konplizitate-sarea desegiteko. Luze gabe ikusiko dugu, konparaziorako, noraino eragiten dien Asironen ametsei. Gainerakoan, eskertzekoa da oroitarazpena. Botoa aldatzeko tentazioa uxatzeko balioko digu hainbati.
Oraingo keinu hau momenturik okerrenean heldu da, PSOE-PSNren gaineko presioa areagotzen duelako EH-Bildurekin lau urte hauetan ehundu duen konplizitate-sarea desegiteko