Urtero, Araban eta Euskal Autonomia Erkidegoan 3.400 iktus kasu inguru erregistratzen dira. Horietatik %80 prebenitu daitezke. Kasu guztietatik, %52 gizonezkoak dira eta %48 emakumezkoak. Urtean 1.400 heriotza inguru eragiten dituzte. Adin-tarteei dagokienez, lau iktusetik ia hiru 65 urtetik gorakoen artean gertatzen dira. Arrazoi horrengatik urtean 5.000 alta baino gehiago izaten dira ospitaleetan, eta kalkuluen arabera, 35 milioi eurora iristen dira kostuak, errehabilitazioa barne.

Hala, bihar egingo den iktusaren nazioarteko egunean, IMQ osasun pribatuko aseguruak egindako azterketa baten arabera, gizon eta emakumeen heriotza-arrazoi nagusien artean, iktusa errelebatzeak adierazten du komeni dela biztanleak prebentzio-neurrien inguruan sentsibilizatzea. Hori dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak urtero, urriaren 29an, Iktusaren Nazioarteko Eguna ospatzen du. Juan Carlos García Moncó sendagileak, IMQ Colón Zentroko Neurologiako espezialistak azaldu zuen atzo lehenik bi iktus-moten artean bereizi behar dela: iskemikoa eta hemorragikoa. “Iktus iskemikoa gertatzen da garunaren alde batek jasotzen duen odol-fluxua nabarmen gutxitzen denean.Iktus ohikoena da (guztizkoaren %85 inguru), eta horren azken ondorioa garuneko infartua da, odolak garraiatutako oxigeno eta mantenugaien ekarpenik ezak jotako garuneko zelulen heriotza eragiten duena”. Bestetik, garuneko hodi bat hausteak iktus hemorragikoa eragiten du. “Ez da iskemikoa bezain ohikoa, baina hark baino heriotza-tasa askoz handiagoa du. Hala ere, iktus hemorragiko batetik bizirik atera-tzen direnen sekuelak ez dira hain larriak epe ertainera”, erantsi zuen. Hori dela eta, funtsezkoa da sintomak igartzea eta goiz jokatzea. “Hortaz, sintometako bat adierazi du, hain zuzen, gorputzaren alde batean indarra brastakoan galtzea edo alde hori paralizatzea. Eskuarki, alde bereko aurpegiaren eta besoaren erdiak paralizatzen dira.Garuneko lesioaren kokapenaren eta tamainaren arabera, indarra galtzeak gorputzaren erdiari (hemiplegia) edo gorputz-adarretako bati (monoplegia) eragin diezaioke. Gorputzaren bi aldeei aldi berean eragiten badie, tetraplegia dela esaten da, eta, kasurik larrienetan, iktusak arnasketa zaildu eta konorte-maila murriztu dezake, koma eraginda”, azpimarratu zuen.

Ildo horretatik jarraituz, hipoestesia ere gerta daiteke, hau da, “sentikortasunaren asaldua gertatzen dela indarra galtzen den alde berean; parestesia ere, sorgortze edo inurridura sentsazioa, eta afasia,hizkuntzaren nahasmendua”. Hori hitzak ahoskatzeko zailtasuna izan daiteke, edo pazienteak ondo ahoskatutako hizkuntza izatea baina hitz baten silabak nahastuta, “hitz batzuk beste batzuen ordez aldatuta, edo erabat inkoherentea ez den edo ulertezina den hizkun-tza erabilita (afasia). Batzuetan, paziente afasikoak normaltasunez hitz egiten duela ematen du, baina ez ditu ulertzen ematen dizkioten agindu sinpleak, esaterako begiak ixtea edo beso bat altxatzea”.

Hirugarrenik, ikusmen-alterazioa ere izan daiteke iktusaren sintoma eta, noiz edo noiz, sintoma bakarra. “Kasu horietan, ohikoena izaten da ikusmen-eremuaren alde batean bat-batean ikusmena galtzea edo ikusmen bikoitza izatea. Ataxia, bat-batean oreka galtzea, eta bertigoa, objektuak biratzen direlako sentsazio subjektiboa, dira iktus baten ondoren ager daitezkeen sintoma batzuk”, gaineratu zuen.

Arrisku faktoreak

“Arrisku-faktoreak ezagutzeak iktusa eta beste patologia baskular batzuk saihesten lagun diezaguke, horietako asko bizimodua aldatzen, sendagaien bidez edo kirurgia bidez trata baitaitezke. Arrisku-faktore bat edo gehiago izateak ez du esan nahi nahitaez iktus bat izango denik”, zehaztu zuen García Moncó doktoreak. Iktus baten osteko lehen minutuak oso garrantzitsuak dira pazientearen bilakaeran; beraz, “ezinbestekoa da ospitalera lehenbailehen joatea. Irabazten den denbora galtzen ez den garuna da. Zenbat eta lehenago joan ospitalera, orduan eta garun-bolumen txikiagoa kaltetuko da modu konponezinean”.

Iktusa diagnostikatu ondoren, “arteria-tentsioa, bihotz-maiztasuna, tenperatura, gluzemia, oxigeno-saturazioa eta izan daitezkeen alterazio kardiologikoak kontrolatzen dira”, ondorioztatu zuen IMQ-eko sendagileak.