Udal Kirol Zerbitzuak Udaleko kirol-instalazioetako harpidedunen esku 60 armairu jarriko ditu Gamarrako parkean 2024ko udako kanpainan aulkiak, eguzkitakoak edo mahaiak gorde ahal izateko.

Interesdunek Udalaren webgunearen bidez zozketarako izena emateko aukera izango dute maiatzaren 3tik 10era bitarte. ‘Kaiola’ horietako bat erabiltzeko aukera izateko eskakizunak dira 18 urte beteta izatea, Udaleko kirol-instalazioetako harpideduna izatea edo udako abonamendua izatea. Zozketaren emaitzak maiatzaren 16an ezagutaraziko dituzte.

“Udalak zerbitzu hau berrezartzearen aldeko apustua egin du. Izan ere, pandemia-garaian eskaintzeari utzi zitzaion eta orain, berriro ere, zerbitzua eskatzen zuten erabiltzaileen eskaerei erantzuna eman nahi izan zaie haien aulkiak, mahai tolesgarriak eta eguzkitakoak gorde ahal izateko toki bat utzita”, azaldu du Maider Etxebarria alkateak.  

Esleipendunek udako denboraldian 08:00etatik 22:00ak bitarte erabili ahal izango dituzte armairuak. 5,50 euro ordaindu eta beren giltzarrapoarekin itxi beharko dituzte.