Aldabe eta Arana auzoetan, apirilaren 15etik esperientzia pilotu bat dago abian zainketak jasotzen dituzten 60 urtetik gorako pertsonen arreta hobetzeko. Vitoria-Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak bere gizarte-zerbitzuak komunitatean eskainitako eguneroko zainketen bidez gauzatzea planteatu du helburu gisa, eta ekimen hau horren erakusgarri argia da.

Gaur egun, gizarte-politikak zainketen gizarte-zerbitzuak izenekora bideratuta daude. Gasteizko Udalak dagoeneko ekin dio bide horri eta, beraz, horiek konfiguratzen ari da. Horren adibide nabarmena da duela bederatzi egun Aranan eta Aldaben hasitako esperientzia.

Zaintza-eskaintza berri hori Gizarte Politiken Udal Sailak 2023an egindako hausnarketaren emaitza da. Ordu hartan, Udalaren gizarte-zerbitzuen egoera eta etorkizunera begirako apustua zein ziren aztertu zituzten. Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak azaldu duenez, “atera zen ondorioa hauxe izan zen: eskaintzak, funtsean, zaintzako gizarte-zerbitzuena izan behar zuen, eta eguneroko zaintza horiek jasotzen dituen pertsonaren komunitatean bertan eskaini behar ziren”.

Hori horrela, hainbat proposamen lantzen ari dira, eta horietako bat da gaur aurkeztutakoa, 60 urtetik gorako pertsonen eta haien familien arreta hobetzea helburu duena. Hasiera batean, bi auzotan egingo da eta, denborarekin, ebaluazioa positiboa bada, hiriko gainerako auzoetara zabalduko da.

Aldaketa nabarmenetako bat da eremu bakoitzeko oinarrizko gizarte-zerbitzua, gaur egun, gizarte-etxeetan egoteaz gain, BIZAN hauetan ere badagoela: Koroazea, Landazuri eta Arana. Horrek, hasiera batean, bi auzoetan bizi diren 60 urtetik gorako 1.200 pertsona ingururi eragiten die. Horiek dira, hain zuzen ere, gaur egun, gizarte-zerbitzuen laguntza jasotzen ari direnak. Pertsona horiek dira orain irizpide berriekin BIZANetan gaitutako espazioetan arreta jasotzen hasi direnak (% 80 jada adinekoentzako zentroen sarera joaten ziren), komunitatean zaintzearen ikuspegitik.

“Arreta modu berri horren gakoetako bat da laguntza hori BIZAN zentroetan dauden oinarrizko gizarte-zerbitzutik ematen dela; hau da, pertsonen bizilekutik gertu eta testuinguru ezagun batean, normalean bertara joaten diren tokian. Horretarako, xehetasun ugari zaindu dituzte: arreta emateko gela berriak abegikorrak eta modernoak izatea, adibidez”, azaldu du Gizarte Politiken arduradunak.