Euskal Autonomia Erkidegoa herrialdeen sailkapeneko 18. postuan dago, 0,936ko Giza Garapenaren Indizearekin (GGI), Eustatek landutako datuen arabera eta 2023/2024 txostenean argitaratutako Nazio Batuen Garapenerako Programaren metodologia aplikatuta.

Txosten hori 2024ko martxoaren 13an argitaratu zuen NBGPk, 2022ko datuekin, eta 193 herrialderen mundu mailako sailkapena ezartzen du, haien ongizate-mailaren arabera ordenatuta. Indizea ongizatearen hiru dimentsiori dagozkien adierazleek osatzen dute: osasunaren dimentsioa (jaiotzako bizi-itxaropenaren arabera neurtuta), hezkuntzaren dimentsioa (eskola-adinean dagoen biztanleriaren esperotako eskolatze-urteen eta helduen batez besteko eskolatze-urteen arabera) eta bizi-mailaren dimentsioa (per capita errenta nazional gordinaren bidez lortua).

Munduko herrialde garatuenen mailan mantentzen da Euskal AEko GGI, Kanadaren gainetik. Espainia 27. postuan dago NBGPren txostenean, 0,911ko GGIrekin. Somaliak itxi du sailkapena, 0,380 punturekin, eta mundukoa 0,739 da.

NBGPk azpimarratzen du munduko GGI suspertu egin dela, pandemiak eragindako atzerakadaren ondoren, baina susperraldi hori desberdina dela GGIren goiko eta beheko muturretan dauden herrialdeentzat.

ELGAko kide diren herrialdeek 2019. urteko GGI berreskuratu duten bitartean, gutxien aurreratu diren herrialdeen erdiak urte horretan lortu zuten mailaren azpitik daude. Herrialdeen arteko 20 urteko hurbilketaren ondoren, joera aldatu egin da, eta GGI oso altua eta GGI txikia duten herrialdeen arteko aldea handitzen ari da urtez urte 2020tik.

Herrialde garatuenen joerari jarraituz, Euskal AEko GGI suspertu egin da 2020 eta 2021 urteetan izandako atzerakadaren ondoren; izan ere, GGI 0,936 zen 2019an, 0,930 2020an eta 0,934 2021ean. Atzerakada horren arrazoia bizi-itxaropena eta per capita errenta gordina murriztea izan zen. Hezkuntzaren adierazleak pixkanaka hobetu dira 2010az geroztik.