Síguenos en redes sociales:

Irailekoak poesia jaialdia Itsasura (Lapurdi) itzuliko da aurten eta irailaren 26an eta 27an izango da

Irailekoak poesia jaialdia Itsasura (Lapurdi) itzuliko da aurten eta irailaren 26an eta 27an izango daUtzitakoa

Irailekoak poesia jaialdia Itsasura (Lapurdi) itzuliko da aurten, bigarrenez, eta irailaren 26an eta 27an ospatuko da. Ekimenaren helburu nagusia euskal poeten lana gizarteratzea da, nahiz eta beste bazter batzuetako olerkariek ere parte hartuko duten jaialdian, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez.

Euskararen Akademiak 2023an antolatu zuen poesia jaialdiaren estreinako edizioa, Lekeition (Bizkaia); bigarrena Itsasun antolatu zuen, eta hirugarren aldia, 2025ekoa, Lekeition izan zen berriz. Aurten, bada, Lapurdiko herrira itzuliko da, eta Euskaltzaindiak Itsasuko Herriko Etxearen babesarekin antolatu du.

Honela, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, Akademiak poesiari eskainitako laugarren asteburua antolatzea deliberatu du, hastapeneko helburuei eutsiz. Aurrekoetan bezala, Euskal Herri osoarentzat antolatuko da Irailekoak, "poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean".

Era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdiak; horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdiaren aurtengo edizioan.

Egitasmoak euskal poeten lana gizarteratzea du xede, dela hitzaldien edo irakurraldien eskutik, dela errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere hartuko dute parte. Poesiarekin batera, beste kultura-adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak. Egitarauaren zehaztasunak irailean bertan emango ditu Euskaltzaindiak.

Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak udaldian. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarniken bertsoak erakutsiko dira.

Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, 'Iraileko paperak' aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Jaialdian parte hartuko duten olerkari eta ikusleen artean banatuko da aldizkaria.