Síguenos en redes sociales:

Tango Berria taldeak Astor Piazzollaren hamar obra interpretatuko ditu larunbatean Miramongo Matineeak zikloan

XX. mendeko tangoaren funtsezko figura izan zen Piazzolla

Tango Berria taldeak Astor Piazzollaren hamar obra interpretatuko ditu larunbatean Miramongo Matineeak zikloanUtzitakoa

Tango Berriak boskotea izango da Miramongo Matineeak Euskadiko Orkestraren ganbera musikako denboraldiko hurrengo kontzertuan larunbatean, maiatzaren 23an, eta Astor Piazzola konpositore argentinarraren hamar obra interpretatuko ditu. Kontzerturako sarrera guztiak agortu dira.

Euskadiko Orkestrak jakinarazi duenez, XX. mendeko tangoaren funtsezko figura izan zen Piazzolla, eta betiko irauli zuen Argentinako genero ezaguna lengoaia musikal berritzaile baten bidez. Buenos Airesen sustraitutako musika izanik ere, jazzari eta musika klasikoari zabalik egon zen beti, eta gaur egun ere bere horretan mantentzen ditu adierazkortasun indartsua eta iradokitzeko gaitasuna.

Kontzertuko programak Piazzollaren obra ezagunenetako batzuk bilduko ditu, Philippe de Ezkurra bandoneoi jotzaile, akordeoilari eta moldatzaile piazzollazale adituak egindako moldaketekin. De Ezkurrak bandoneoia joko du kontzertuan eta Euskadiko Orkestrako lau interprete batuko zaizkio oholtzan: Irene Echeveste (biolina), Marc Sirera (kontrabaxua), Anne Charlotte Lacroix (fagota) eta Mehmet Sonmez (kontrabaxu, oraingoan pianista moduan arituko den arren).

Piazzollaren "mundu emozionalaren hainbat aurpegi" agertuko ditu emanaldiak: 'Oblivion' eta 'Milonga del ángel' obren malenkonia eta lirismoa, 'Escualo' eta 'Libertango' piezen indar erritmiko eta birtuosistikoa, 'Fuga y misterio' obraren intentsitate dramatikoa, edota 'Adiós Nonino' lanaren hunkigarritasun intimoa, bere aitari eskainitako omenaldi samurra.

Halaber, Buenos Airesko bizimoduaren musika erretratu diren 'Estaciones porteñas' ospetsuen pasarteak eta 'Michelangelo 70' edo 'Fugata' bezalako obrak entzungo dira, non konpositoreak tangoa soinu lurralde berrietara eramaten duen. Kontzertua 11:00etan hasiko da, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan, eta sarrera guztiak bukatu dira.