Eustaten datuen arabera, Euskal AEko etxeko produkzioaren balioa 26.856 milioi eurokoa izan zen 2023an, hau da, urte horretako Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 28,8. Datu horrek agerian uzten du etxean egindako jardueren garrantzia. Jarduera horietako gehienak ez dira BPGn zenbatzen, baina funtsezkoak dira ongizate kolektiborako.

Etxeko Lanaren Kontu Satelitearen zazpigarren edizioaren helburua da etxeek egindako produkzio-jardueren irudi integrala ematea eta haien balio ekonomikoa kalkulatzea. Aztertutako jarduera nagusien artean honako hauek daude: ostatua ematea, zaintza eta heziketa ematea, elikagaiak prestatzea, arroparekin lotutako zereginak egitea eta aparteko jarduerak gauzatzea, hala nola konponketak eta mantentze-lanak.

Azken hogeita hamar urteotako bilakaerak etxeko produkzioaren izaera zikloaren aurka ematen ari dela islatzen du; krisi-garaietan baliabideak transferitzen dira merkatuko ekonomiatik ordaindu gabeko etxeko lanetara, eta hedapen-faseetan, berriz, jarduera horietako batzuk kanpora ateratzeko joera dago. 1993an, ordaindu gabeko etxeko lanak BPGn zuen pisua % 45,5ekoa izan zen, eta 2023an, berriz, % 28,8koa, aurreko edizioaren antzeko mailetan mantenduz (% 27,4koa 2018an). Aldi horretan, BPGn zuen pisuak behera egin zuen etengabe, 2013an izan ezik —krisi ekonomiko-finantzario betean—, orduan % 32,4ra iritsi baitzen.

2023an, etxeko lanaren funtzioen araberako banaketak 2018ko lehentasun berak erakusten ditu, nahiz eta desberdintasun batzuk egon. Ostatua ematea funtzioak % 29,6ko pisua izan zuen, duela bost urte bezala. Aitzitik, beste funtzio batzuek garrantzia areagotu dute: Jaten ematea % 43,4ra handitu zen (2018an baino hiru puntu gehiago) eta Arropa eta bestelako jarduerak ematea % 8,1era igo zen (puntu erdi gehiago). Aitzitik, Zaintzea eta heziketa ematea funtzioa % 18,9ra jaitsi zen, 2018an baino hiru puntu eta erdi gutxiago.