Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgoibarren Errezabal egoitza berria eraikitzeko obrei ekin die astearte honetan. Ekipamendu berria El Pilar ikastetxe zaharraren lursailean eraikiko da eta 169 plaza publiko eskainiko ditu, egoitzaren eta eguneko zentroaren artean banatuko direnak.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak proiektuaren xehetasunak aurkeztu dituzte lanak hasi diren lursailera egindako bisitan.
Gogorarazi dute Viuda de Sainz eta Biharko enpresek osatutako Elgoibar 2023 aldi baterako enpresen batasuna izan zela esleipenduna zentroaren eraikuntzan zein hamar urteko kudeaketan. Esleipenaren zenbatekoa 88,5 milioi euro izan da, eta horietatik 20,6 milioi obrara bideratuko dira.
Errezabal zentroak adinekoentzako 108 egoitza-plaza izango ditu, bost bizikidetza unitatetan antolatuta, eta horietako bat 20 plazako unitate psikogeriatriko bat izango da. Gainera, nahasmendu mental larria duten pertsonentzako unitate espezializatu bat izango du, 21 plazakoa, bai eta 40 pertsona nagusirentzako eguneko zentroa ere.
Instalazioak modernoak, irisgarriak, ingurunean integratuak eta komunitatearekin lotuak izango dira. Eremu komun zabalak, berdeguneak, modulu bakoitzeko terrazak eta jantokiak izango ditu. 75 plazako lurpeko aparkaleku publiko bat ere egokituko da
Obrak egiteko aurreikusitako epea 24 hilabete da, eta, beraz, egoitza 2027an egon ahal izango da erabilgarri. Zentroak 129 egoitza-plaza eta eguneko zentroko 40 plaza izango ditu, eta 10.500 metro koadro inguruko azalera.
INSTALAZIOAK
Instalazioak modernoak, irisgarriak, ingurunean integratuak eta komunitatearekin lotuak izango dira. Eremu komun zabalak, berdeguneak, modulu bakoitzeko terrazak eta jantokiak izango ditu. 75 plazako lurpeko aparkaleku publiko bat ere egokituko da.
Eider Mendozak nabarmendu du "egun esanguratsua" dela, "emandako hitzaren bermea baita". "Bidean aurkitutako oztopo guztiak gainditu ondoren, Errezabalen eraikuntzaren hasiera errealitatea da jada. Proiektu honek Aldundiak adinekoei eta laguntza behar dutenei arreta duina eta kalitatezkoa ematearekin duen konpromiso irmoa islatzen du", azaldu du.
Egoitza berria Elgoibarko tokiko zaintza ekosistemaren ardatz nagusia izango dela eta Debabarrena osoaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo diela ziurtatu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
"Garrantzi handiko proiektua da Elgoibarrentzat eta Gipuzkoarentzat, eta gure lurraldeko zaintzen arloa jasaten ari den eraldaketa sakonaren beste adibide bat. Errezabal egoitza bereziki baliagarria izango da apustu hori sendotzeko eta etorkizuneko zainketetaranzko trantsizioan aurrera egiteko", gaineratu du.