Síguenos en redes sociales:

Bill Murray Arriaga Antzokian izango da ekainaren 19an, 'New Worlds' ikuskizunarekin

Bill Murray Arriaga Antzokian izango da ekainaren 19an, 'New Worlds' ikuskizunarekinUtzitakoa

Bill Murray aktore eta komiko estatubatuar ospetsua Bilboko Arriaga antzokiko oholtzan izango da ekainaren 19an, Jan Vogler biolontxelo jotzaile alemanarekin batera sortu duen 'New Worlds' proiektua aurkeztuz, antzoki bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez.

'New Worlds' musika, literatura eta poesia uztartzen dituen ikuskizuna da, eta Bill Murrayk ingeles hutsean antzezten du, agertokian Jan Vogler lagun duela, Mira Wang biolinistarekin eta Vanessa Perez pianistarekin batera.

Emanaldia ingelesez jarraitzeko gai ez direnentzat, ikuskizunak goitituluak izango ditu, euskaraz zein gaztelaniaz, aktoreak inprobisatutako ataletan izan ezik.

Bill Murrayk eta Jan Voglerrek bidaiatzen ezagutu zuten elkar, eta New Yorken egin ziren lagun. Bestearen mundu artistiko eta interesekiko jakin-minak bultzatuta, aktoreak eta musikariak laster izan zuten proiektu batean elkarrekin lan egiteko ideia, eta 2017an mamitu zuten.

Bada, 'New Worlds' ikuskizunean harremanetan jartzen dira artista ugarik AEBen eta Europaren artean eraikitako zubiak. Mark Twain, Ernest Hemingway, Walt Whitman, Leonard Bernstein, George Gershwin eta Norman Foster dira "AEBetan belaunaldiak markatu dituzten eta munduari mundu berriaren xarma, energia eta indar sortzailea erakutsi dioten itzal handiko ahotsetako batzuk".

"Hollywoodeko izarrak musika klasikoarekiko duen maitasuna duela gutxikoa da; hizkuntzaren arloan duen artea, aldiz, mugagabea. Beraz, sobera dira arrazoiak euren artearen bi maisu protagonista dituen musika handiaren eta literatura handiaren topaketa zoragarri horri gogo biziz itxaroteko", adierazi dute Arriagatik.

'New Worlds' ikuskizunerako sarrerak salgai daude 35 eta 69 euro artean (beherapenekin), www.teatroarriaga.eus webgunean eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.