‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Hamar hilabete daramatzazu karguan, egoeraren tenperatura hartzeko nahikoa. Zeintzuk dira euskalgintzatik helarazi dizkizuten kezka nagusiak?
—Kezka handia topatu dut, konpartitua dena. Eragiletza sozial hau guztia oso plurala da. Dibertsitatea dago, oso aberasgaria dena, baina momentu honetan kezka partekatu bat dago. Mundura begira jartzen garenean ikusten dugulako hizkuntza gutxituentzako eszenatokia gero eta konplexuagoa dela. Hizkuntza nagusiak, hegemonikoak, gero eta hegemonikoagoak dira, eta hizkuntza gutxituen ahuldadea handitzen ari dela. Erronkak oso handiak dira, eta badago gogoeta konpartitu bat, nola egingo diogu aurre honi guztiari, eta baita amankomuneko erantzun bat. Gaur arte erabili ditugun hizkuntza politikak, euskararen alde baliatu ditugun politika publikoek gauza asko ekarri dizkigute, baina ez dira aski aurrera begira dauzkagun erronkei aurre egiteko.
Eta zein da konponbidea?
—Jauzi bat egin behar dugu hizkuntza politiketan. Jauzi kualitatibo bat pentsatu behar dugu eta euskararen normalizazioan sakontzeko benetan baliagarri izango diren politika publikoak ekarri behar ditugu. Beraz, kezkaren konstatazioa topatu dut, eta baita egoerari aurre egiteko gogoa ere. Eta aldarte bat ere bai hori noranzko bateratu batekin elkarrekin ekiteko .
Bide horretan, azaroaren 4an jarri duzue fokua, manifestazioan. Baina horren aurretik ekintza mordoa antolatu du Kontseiluak. Sindikatuekin manifestazioa, jardunaldiak...
—Aurrera begirako desafioez aritu naiz, baina momentu bat egokitu zait zeinetan orain arteko hizkuntza politika publikoak, hamarkadetan erabili direnak auzitegien bidez zalantzan jartzen hasi diren. Eta hor topatu dugu freno bat, atzera begiratzen jarri gaituena. Aurrera begiratu nahi dugu baina justu, botere judizialaren bidez kamustuta edo ahulduta ditugunak baliogabetu nahi dituzte. Azaroaren 4koa hortan kokatzen da, inportantea da. Ibilbide bat pentsatuta dugu, bai, bide hau ahalik eta bateratuena eta guztiona izan dadin. Eta arlokako lanketak daude, sindikatuak aipatu ditugu eta agendan daude. Oldarraldi judizial honetan mahai gainean jarri diguten kontrakotasun faltsu bat delako, hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen artean hautatu behar dela . Eta aurre egiteko sindikatuak eragile eta palanka egokia dira. Argi dugu euskararen normalizazioa eraldaketa sozialeko prozesua dela, eta bide hori eraldaketa soziala lantzen duten eragileekin kontrastatuta eraman behar dugula. Egia esan, hizkuntzaren korapilo asko ditugu askatzeko. Norbanakoei deia egin diegu, eta baita eragile sozial eta politikoei, ez bakarrik manifestazioan parte hartzera, baizik eta bultzada honetan parte hartzera.
"Hamarkadetan erabili diren hizkuntza politika publikoak auzitegien bidez zalantzan jartzen hasi dira"
"Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat”. Epaiek esten dutenaren aurka segregaziorako, bazterketarako tresna ez dela adierazten du manifestazioaren leloak?
—Ideia bat baino gehiago ekartzen ditugu. "Euskararekin bat" uste dugulako normalizazioa guztiona dela. Euskara guztiona eta guztiontzat da, eta denoi dagokigu normalizazioan eragitea. Normalizatzen ez bada hizkuntza eskubideak ez dira betetzen. Urrats bakoitza gizarte kohesioan aurrera egitea suposatzen du eta bizikidetzan ere ale bat jartzea. Eta "euskaraz bat" horretan, oldarraldiarekin etorri diren epaiei egiten die erreferentzia. Euskara elementu segregatzaile eta baztertzaile bezala aurkezten dute, diskriminazio bide. Guk uste dugu justu bizikidetza trinkotze elementua dela, jende guztiari euskara eman ahal izatea oso inportantea delako, kohesio ideia hori indartzeko.
Normalizaziorako bide horretan zelan eragiten du euskararen presentziak Espainiako Kongresuan?
—Udan iragartzen hasi zirenetik ongietorria eman genion, euskararen normalizazioan, erabileran, ikusgarritasunean aletxoa jartzen duen keinu guztia ongietorria baita. Eraberean esan genuen badaukala parte bat sinbolikoa dena eta euskal hiztunon eguneroko bizitzan ez duena eragin ikaragarrirrik. Hala da. Baina hizkuntza gutxiagotuek hiztun gutxiagotuak sortzen dituzte, konplexuak ditugu, kosta egiten zaigu balioa ematea, eta arlo sinbolikoko erabakiek garrantzia dute. Baina Eusko legebiltzarrean aspalditik dago euskaraz aritzeko aukera eta denok dakigu alderdi guztiek ez dutela egiten. Eredu emate horretan eta ikusgarritasun horretan egiten denak zer nolako garrantzia daukan pentsatzeko eskatuko nuke eta horren arabera jokatzeko….
Bruselan, berriz, ezezkoa jaso du euskarak momentuz.
—Guk hemen ikusten dugu normalizaziorako benetako urratsak emateko lekua. Europako ofizialtasunarekin paradoxa handi batekin topatuko ginateke. Ni Hendaian bizi naiz, eta Europako instituzioekin euskaraz izango nuke harremana baina herriko etxearekin eta hurbileko instituzioekin nekez izango dut euskaraz. Hori Ipar Euskal Herri osoan, eta Nafarroan zonalde ez euskalduna izendatu horretan gauza bera. Tuteran Estrasburgorekin euskaraz egingo luke eta udalarekin ez. Paradoxa horiek nolabait errealitatea ekartzen digute, eta adierazten digute jokalekua hemen dugula, egunerokoa, eta oraindik oso zaila dela euskaraz bizitzea. Ez gara ari abstrakzioetan, ez gara ari hizkuntza batez, baizik eta hiztunez eta gorputzez.
Azaroan oldarraldi judizialari aurka egiteko protolokoa aurkeztuko duzue. Zertan datza?
—Aspalditik gabiltza lanean horretan, egoerak hala eskatuta. Lanketak berak eraman gaitu hainbat estadiotara, eta azkenean sortu da ibilbide bat azaroren 4an bukaera bat edukiko duena. Baina epe ertain edo luzeagora planteatu behar dugu, eta inportantea da tresna bat sortzea. Protokoloa ez dugu guk asmatu, Mugimendu feministari kopiatu diogu. Edozein lekutan eraso matxista bat gertatzen denean badaude mekanismo batzuk artikulatuta erantzun kolektiboa bat emateko. Horren antzeko zerbait da. Tresna sorta bat eskaintzea, gutxieneko lelo batzuetatik abiatuta, nora jo, sare bat sortu. Mugimendu feministak egin duen bidearen antzekoa. Ez da eraso bakoitzari erantzuna ematea mugimendu feministari protokoloa aktibatzeak ekarri diona, baizik eta sareak, herriko elkarteen artean kidetzak lantzea, herriko elkarte eta instituzioen arteko harremana... sareak sortzen dira eta kasu honetan horiek sortzea ere inportantea da.
"Ez da hizkuntza baten korpusa salbatzeko, baizik eta hiztunen premiei eta bizi kalitateari erantzuteko"
Mugarri izango da azaroaren 4a?
—Nahiko genukeena da adieraztea gizartea honetan badagoela indar inportante bat. Borondate baten adierazpena, aurrera begirako sena eta gogoa badaukana. Ez da hizkuntza baten korpusa salbatzeko, baizik eta milaka hiztunen premiei eta bizi kalitateari, bizigarritasunari erantzuteko. Euskarari eustea da hizkuntza dibertsitateari eustea, joera homogeneizatzaile eta totalizatzaile guzti horien aurrean beste erresistentzia bat jartzea. Kultur aniztasunari ekarpena egitea, eta mundu hobe eta bizigarriago bat sortzeko egin dezakegun ekarpen handi bat.