Paziente Bizia-Paciente Activo programa nork bere burua zaintzen ikasteko programa bat da; horren bidez, gaixotasun kronikoak dituztenei edo horrelako gaixo bat zaintzeaz arduratzen direnei informazioa eman nahi diegu gaixotasun horiei buruz, eta erakutsi nahi diegu zein diren osasun-egoera hobetzeko izan beharreko ohiturak edo jokabideak.
Paziente Bizia-Paciente Activo programaren barne tailer batzuk eskaintzen zaizkie interesa dutenei, gai izan daitezen gaixotasuna ulertzeko, beren osasunaz arduratzeko, eta gaixotasunaren inguruan erabaki egokiak hartzeko.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailetik azaldu dutenez, tailerretan hainbat tresna eskaintzen dira arazoei aurre egiteko eta nork bere buruari ohiturak aldatzeko helburuak jartzeko, baita teknikak ere, familiarekin eta osasun arloko profesional taldearekin komunikatzeko, erlaxatzeko eta emozioak kudeatzeko. "Informazioa ere ematen da hainbat gairi buruz: ariketa fisikoa, nutrizio-argibideak, medikazioaren erabilera egokia eta gaixotasunaren inguruko oinarrizko ezagutzak", azpimarratzen du Osakidetzak.
Azken finean, tailerretan lantzen dena gaixotasunari buruzko oinarrizko informazioa da, eta herritarrei aktiboago izaten eta beren osasuna zaintzen lagunduko dieten tresnak eta trebetasunak ere bai.
Argibiderik behar izanez gero edo herritarrek zalantzak izanez gero, harremanetan jartzeko bide batzuk jarri ditu Osakidetzak. e-mail bitartez: pacienteactivo@osakidetza.eus edo telefonoz: 943 00 65 51