“Herri, gizarte, erakunde eta enpresa gisa, trantsizio globalei ematen diegun erantzunak berrikuntza izan behar du oinarri".

Hitz horiekin, Iñigo Urkullu lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegoan aurrera egiteko berrikuntzak duen garrantzia nabarmendu du aste honetan.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Iñigo Urkullu lehendakaria, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera, INNOBASQUE Berrikuntzaren Euskal Agentziaren batzarraren amaieran izan da, eta bertan berrikuntzak Euskadiren etorkizunerako duen garrantzi estrategikoa azpimarratu du.

Euskadi Estatuko lehenengo erkidegoa da enpresa-berrikuntzan, baina oraindik ere Europako batez bestekoaren azpitik dago. Hori horrela, Urkulluk azpimarratu du partekatutako zeregina dela "berrikuntzan enpresa gehiago sar daitezen lortzea" Horretarako, Lehendakariaren arabera, Euskadik tresna eta programa egokiak ditu enpresa guztiei berrikuntzaren ibilbidean laguntzeko.

“Eredu bat dugu eta ibilbide horretan inbertitzen jarraitzeko gaitasuna. Gure zutabeak zientzia, lidergo teknologiko industriala eta berrikuntza irekia dira, eta talentua ezinbesteko elementua da ekimen guztietarako”, adierazi du.

Lehendakariak ibilbide horretan aurrera egiteko lankidetza publiko-pribatuaren eredua balioetsi du, eta aukera aprobetxatu du lankidetzaren eta egindako inbertsioen emaitzak errepasatzeko. Datuen arabera, gaur egun Euskadin bost enplegutik bat ezagutzan trinkoa da; proiektuen dimentsio europarra hazten ari da; Euskadi berrikuntza handiko eskualde eta herrialde europarren artean kokatzen da; eta Europako Batzordeak, udaberriko txostenean, euskal ekonomiaren sendotasuna nabarmendu du, lehiakortasunean, berrikuntzan, produktibitatean eta per capita errentan dauden indarrak azpimarratuz.