Vital Fundazioak udaro antolatzen duen Jaibus Vital programak lurraldeko herrietako jaietara modu seguruan joateko aukera ematen die Arabako gazteei. Ekainaren 17tik aurrera, autobus flota zabala ibiliko da errepideetatik, eta 29 helmugatara eramango ditu, 49 ibilbide ezberdin eginez, besteak beste, Vitoria-Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietara.

Datorren irailaren 30era arte, Jaibus Vitalek 49 ibilbide desberdin egingo ditu, nahi duena programako 29 helmugetako edozeinetako festetara eramateko. Udan zehar, herrietako jaietara eramango dituzte gazteak, eta abuztuaren 5ean, larunbata, Vitoria-Gasteizko Andre Maria Zuriaren ospakizunetara. Era berean, Santikurutze Kanpezu, Murgia eta Agurain herriek Arabako hiriburutik izango dute zerbitzua.

 Arabako herrietara doazen autobusak ibilbidearen lehenengo puntutik abiatu ohi dira, 23:30ean. Itzulerarako, ordutegi biren artean aukeratu daiteke: goizaldeko 3:30ak edo 6:00ak. Gainera, herri batzuek ordutegi bereziak izango dituzte joateko nahiz itzultzeko (www.fundacionvital.eus webgunean kontsulta daitezke). Bestalde, Andre Maria Zuriaren jaietarako zerbitzua 22:30ean aterako da abiapuntuetatik, eta itzulera hiriburutik egingo da, 7:30ean.

"Uda honetan jaiak Arabako hainbat udalerritara itzuliko dira, eta horrek ibilgailuen joan-etorri etengabea dakar, batez ere gaueko orduetan. Joan-etorri horiek dakartzaten arriskuak saihesteko, Vital Fundazioak, hilabete hauetan, alternatiba bat eskaintzen die 15 urtetik gorakoei aisialdi horretaz gozatzeko eta etxera modu seguruan itzultzeko", azaldu zuten bertatik.