Lehendakaria arduratu da aste honetan AEFAME Euskadiko Familia Enpresen Elkarteak Oiongo (Araba) Valdemar upategian egin duen batzar nagusiari amaiera emateaz.
Foro horretan ziurtatu du familia-enpresa “gure herrialdearen” nortasun-ikur bat dela, enpresaren ideia sinbolizatzen duena, “gure gizartearentzako” proiektu komun eta erreferentzia-eredu gisa ulertuta.
“Egun batean ideia izan ziren eta gaur egun, dedikazio eta sakrifizio handiari esker, negozio kaudimendunak, errentagarriak eta pertsona askori lana eskaintzen dieten enpresak. Familia-negozio gisa jaio ziren eta belaunaldi-erreleboaren bidez espiritu horri eutsi dioten enpresak” –esan du.
Lehendakariak, hitzaldiaren beste une batean, ekintzaileen “ausardia” nabarmendu du berriro, proiektu bat aurrera ateratzeko orduan, “lortutako emaitza edozein izanda ere”. Hala, esan du ausardia handia behar dela aurrerapauso hori emateko eta “zure familiari azaltzeko arrisku hori zeure gain hartuko duzula. Duela urte batzuetatik hona zure barruan sumatzen duzun ideia hori garatzen saiatuko zarela. Horretarako finantzaketa bilatu behar duzula eta zure bizitza pertsonala baldintzatuko dela, sakrifikatua izango dela bizitza hori. Gutxienez puntu bateraino”.
Puntu honetan, adierazi du Euskadik “apustu egin eta saiatzen diren” emakumeak eta gizonak behar dituela, bere ustez hori delako gure “garapenaren eta, beraz, guztion ongizatearen” giltzarrietako bat.
Amaitzeko, adierazi du ingurunearekin konprometitutako enpresa txiki, ertain eta handiak, lehiakorrak eta berritzaileak izatea ere garrantzitsua dela, eta erakundeek “eskua luzatuta” daukatela ekintzailetza bultzatzeko.