Makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari dira teknologia berriak sartzearen ondorioz. Ekoizpen prozesu eta inguruneen digitalizazioak dakartzan erronkei aurre egiteko gai diren profesional berriak behar dira.
Danobatgroupek, makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan espezializatutako industria taldeak, eta UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak (GIE) ahaleginak batu dituzte sektoreko etorkizuneko profesionalen prestakuntzarako, UPV/EHU-Danobatgroup Makina-erremintaren Doitasun Gela sortuta. Bi erakundeek antolatutako prestakuntza gela hori GIEko Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko, Ingeniaritza Mekanikoko eta Ingeniaritza Mekaniko + Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko gradu bikoitzeko ikasleentzat da, egunetik egunera adimendunagoa eta konektatuagoa den industria batean eskari handia duen profilarekin.
Gelak martxan urtebete daraman arren, bi erakundeen arteko lankidetza gaur goizean ofizialdu da GIEk Donostian dituen instalazioetan, Unibertsitatea-Enpresa lankidetza esparru bat sinatuz. Aliantza horren barruan, bi aldeek konpromisoa hartu dute graduko prestakuntzaren arloan lankidetzan aritzeko, makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektoreak eskatzen dituen premia berezietara egokitutako talentua sortzeko. Aldi berean, ikasleen enplegagarritasuna hobetzen saiatuko dira, mekanismo dualak sustatuz, praktiken eta gradu bukaerako lanen bidez. Horrez gain, bi aldeak makina-erremintaren arloari buruzko saio eta jardunaldi teknikoak antolatzeaz arduratuko dira. Jarduera horiek aukera bikaina izango dira ikasleentzat sektorearen erronkak eta aukerak bertatik bertara ezagutzeko.