bilbo -Save the Children erakundeak egindako azterlan baten arabera, Euskadin pobre izateko arrisku handiena duten haurrak, familia txikienak eta guraso bakar batekin bizi direnenak dira. GKE horrek Arriskuan dauden familiak izeneko txostena argitaratu zuen atzo, umeen etxeen egoerak nolakoak diren eta zenbateraino pobreziaren eraginpean dauden erakusteko. Horretarako, bost profil ezberdin bereizi dira: dagoeneko aipatutako familia txiki eta guraso batekin soilik bizi direnak (38.501 etxe); aitona-amonekin daudenak (13.495 etxe); eta, klase ertaineko familia handiak (90.529 etxe). Aitzitik, bazterketa-arrisku eskasena duten familiak landa-eremuetan bizi diren kualifikazio handiko familiak (23.551 etxe) eta klase ertaineko familia txikiak (55.968 etxe) dira.

“Euskadin badaude 142.000 etxe non umeak pobrezia edo gizarte-bazterkeria jasateko arrisku handia duten”, adierazi du Sandra Polo Euskadiko haurren politiken arduradunak. Hori bai, ez da horretara mugatu, xehetasunetan sakondu baitu: “Euren haurrekin bizi diren guraso bakarren artean, %42k ez dute ustekabeko gastuei aurre egiteko aukerarik, esaterako, hozkailu bat hondatzekotan; aitona-amonak dituzten 10 familiatik 2k ezin dute etxebizitza tenperatura egokian mantendu, eta, pentsa genezakeenaren kontra, klase ertaineko 5 familietatik 1 pobrezia-egoeran dago, batez bestekoaren gainetik”.

Save the Children GKEak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta aldatzeko eskaera egin du. Familia bakoitzak duen adingabe bakoitzeko 120 euro jasotzean datza proposamena, eta haur-pobreziaren aurkako borroka eraginkorra izateko helurua dauka. Halaber, erakundeak proposatutako neurrien artean eskola-segregazioarekin akabatzeko estrategia publiko baten beharra dago, haur guztien aukera-berdintasuna bermatu ahal izateko. Horrez gainera, etxebizitzarako diru-laguntzak zabaltzea eta arazoak dituzten familiei bideratutako lan-politikak garatzea ere badaude etorkizunerako erronken artean.

“Datozen hauteskunde autonomikoak aukera ezin hobea dira Euskadiko haurren pobreziari ausardiaz eta anbizioz aurre egiteko. Haur eta familia politiketan inbertitzea lehentasuna izan behar da herrialdearen kohesio soziala bermatzeko “, ondorioztatu du Polok. Honekin bat, mezu labur eta argi batekin itxi du Save the Children erakundeak bere azterlana: “Seme-alabak dituzten familiei lagundu behar diegu, haur guztiek eskubide eta aukera berberak dituztela bermatzeko”. - U. Glez

Proposamena. Save the Children GKEak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta aldatzeko eskaera egin du. Familia bakoitzak duen adingabe bakoitzeko 120 euro jasotzean datza proposamena, eta haur-pobreziaren aurkako borroka eraginkorra izateko helurua dauka. Halaber, erakundeak proposatutako neurrien artean eskola-segregazioarekin akabatzeko estrategia publiko baten beharra dago, haur guztien aukera-berdintasuna bermatu ahal izateko.