BILBO. Espazioan azalera handiko panelak zabaltzeari buruzko ikerketa kasu bat lantzea zen helburua, bolumen txiki batetik abiatuta. Eskola teknikoko Industria Ingeniaritzako Masterrean matrikulatuta dauden zortzi ikasle taldek Sener ingeniaritza enpresaren lankidetzaz antolatutako lehiaketan parte hartu dute, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak jakinarazi duenez.
Phillippe Eggers eta Asier Martínez izan ziren sektore espazialean esperientzia handia duen Sener euskal enpresak babestutako lehiaketako lehen sariaren irabazleak. Ikasle hauen diseinua Bilbon antolatuko den nazioarteko sinposio aeroespazial garrantzitsu batean aurkeztuko da irailean, eta egileek euskal ingeniaritza enpresako Espazioaren Dibisioan praktikak egiteko aukera izango dute.
Ikasleek diseinatu duten mekanismoak orbitan dagoen satelite batean azalera malgu bat kontrolpean zabaldu eta zurruntasun handia lortzea ahalbidetzen du.
Mekanismoa modularra da, barrak eta errotazio junturak bezalako osagai sinpleek osatua, eta tortsio eta konpresio malgukien laguntzaz zabaltzen da.
Ahalik eta bolumen eta pisu txikiena erabiliz, ahalik eta azalera, zurruntasun eta fidagarritasun handiena lortzea izan da proiektu irabazlearen helburua.
Teknologia aeroespazialean, orbitan jarri beharreko gramo bakoitzak sekulako kostua dakar erregaian, eta gehiegizko pisua izateak bertan behera utz lezake jaurtiketa.
Bestalde, zenbat eta azalera handiagoa zabaldu, orduan eta eguzki energia handiagoa xurgatzen da. Bi premia hauek "kontrajarriak" direnez gero, behar beharrezkoa da bien arteko oreka lortzea. Horren haritik, "diseinu irabazleak ezin hobeto optimizatu du azalera eta bolumenaren arteko erlazioa", epaimahaiak adierazi duenez.