Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek, justizia zerbitzu publiko irisgarriagoa izatearen alde egiten duen apustua helarazi dio Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteari, ikuspegi sozial eta berdintasunezkoago batekin, bereziki pertsona ahulenen sarbidea errazteko. Gai horiek Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiarekin ere jorratu ditu.
San Jose sailburuak, kargua hartu zuenetik, bilerak egin ditu Justiziaren eta Giza Eskubideen arloarekin lotutako erakunde eta elkarteekin. Oraingo honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitzan bildu da, bertako presidentearekin eta Auzitegiko gobernu-idazkari Blanca Rosa Barberorekin. Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren aldetik, Justiziako sailburuorde Alfonso Gomezek eta Espetxe Erakundeetako aholkulari Ines Soriak ere parte hartu dute.
Lehenengo bilera instituzionala
Lehenengo bilera instituzional honetan, San Joseren taldeak legegintzaldi berri honetarako San Josek zuzentzen duen Sailaren asmoak aurreratu nahi izan ditu, bereziki, herritarrei funtsezko zerbitzu publiko horretarako eskuragarritasuna errazteko apustua, eta, batez ere, pertsona ahulenen eta baliabide gutxien dituztenen kasuan.
Subijanari eta Adani adierazi dienez, neurri horiek —gobernu-akordioan jasota agertzen direnak— pertsonak izango dituzte ardatz euren beharrei erantzun ahal izateko. Gainera, egungo beharren araberako sistema judiziala sustatuko da, digitalizazioaren aldeko apustua eginez, baina arrakala digitalik sortuko ez duena eta justiziak eskaini behar duen hurbiltasuna deshumanizatuko ez duena.
Sailburuak, halaber, gatazkak konpontzeko bitarteko egokiak erabiliko dituen eta benetako babes judiziala bermatuko duen justizia errestauratiboaren erantzun-denborak, ulermena eta sustapena hobetzeko beharra azpimarratu du. Azken batean, laguntzeko eta egindako kaltea erreparatzeko politika integral baten barruan kokatutako zerbitzua.
Gainera, organo judizial berrien beharrak eta lehentasunak aztertu dituzte, eta euskalduntzean aurrera egiteko abian jarritako lanak ezagutu dituzte, bi erakundeek elkarlanean jardun ahal izan dezaten.