“Talentua dugu. Prest daude. Ez da apustu arriskutsua. Arrakastaren bermea da. Funtsezkoa da gazteek beren bizitza pertsonala eta lan-bizitza Euskadin garatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortzea”.

Hitz horiekin, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du garrantzitsua dela Araban nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan negozio berriak sortzearen alde egitea.

Hala, Iñigo Urkullu izan da SEA-Arabako Enpresaburuen Elkartearen Urteko Batzarra itxi duena. Bertan, Enpresa Konpromisoaren saria Josu Sánchez Álvarez Elkargiko presidenteari eman zaio. “Roberto Larrañagak iaz eta Josu Sanchezek oraingoan, jasandako krisien unerik zailenetan enpresa-jarduera eta enplegua mantentzen lagundu duen konpromiso iraunkor hori sinbolizatzen duzue”, adierazi du Urkulluk.

Enpresa-konpromiso horri dagokionez, Lehendakariak adierazi du enpresak gure gizartearen ondare direla, eta, beraz, Euskadik emakumeak eta gizonak behar dituela, negozio-ideiei forma emateko, jarduera eta enplegu-aukerak sortzeko, eta enpresa txiki, ertain eta handiak abian jartzeko. Horrela, Lehendakariak negozio bat martxan jartzea pentsatzen ari denari hori egitera animatu du. “Arriskutsua da. Badakigu. Bidea zaila izango da. Hori ere badakigu. Baina ahaleginak mereziko du. Erakundeok, noski, zuen alde egongo gara. Hori da gure konpromisoa”, esan du.

Arabako enpresarien ordezkaritza zabal baten aurrean, Iñigo Urkulluk gazteen aldeko “benetako” apustua egiteko deia egin du. “Talentua dugu. Prest daude, prest. Ez da apustu arriskutsua. Arrakastaren bermea da. Funtsezkoa da gazteek beren bizitza pertsonala eta lan-bizitza Euskadin garatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortzea”, azpimarratu du Lehendakariak.