Aste honetan, ikertzaileek egiten duten lana aitortu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, BRTA aliantzak hiru ikertzaileren lana aintzatetsi du, aliantzaren zentroetan izandako ibilbide luzeagatik eta hiru ikertzaile gazteengatik. Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu zuenez, BRTA aliantzaren zentroetan teknologia ikertzen, garatzen eta transferitzen diharduten pertsonen lana aitortu, baloratu eta bultzatzeko balio dute sari horiek.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, gizartearen ongizaterako ikertzaileen funtsezko ekarpena azpimarratu du Urkulluk. “Oso argi daukagu: gure aurrerapena, neurri handi batean, zientziari esker bermatzen da. Gure bizi-kalitatea hobetu egin da ikerketari eta haren aurrerapenei esker. Horregatik guztiagatik, zuen ibilbide profesionalean eta ibilbide pertsonalean pizgarri izatea espero dugun aintzatespen hau zor dizuegu”, adierazi du.
Ibilbidea kategorian hiru aintzatespen egin dira. Elena Palomo Del Barrio (CIC energiGUNE), Artzai Picón Ruiz (Tecnalia) eta Javier Del Ser Lorente (Tecnalia) izan dira saridunak, BRTA aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik.
Era berean, Ikerketa-etorkizuna kategorian, orain arte egindako lanagatik eta beren ikerketa-ibilbidean etorkizun oparoa izan lezaketenen artean saritutakoak Amaia González Garrido (Tecnalia), Borja Pozo Larrocha (Tekniker) eta Roberto Viola (Vicomtech) izan dira.
Bestalde, Lehendakariak bere hitzaldian adierazi du “gure talentuaren” aldeko apustua egin behar dela. “Badaukagu. Hemen dago, Euskadin. Talentu hori atxikitzeko eta sustatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortu behar ditugu, baita soldata-baldintzak ere. Hau erronka partekatua da. Herrialde baten helburua da”, esan du.