Tribuna abierta

Amaren Sua

03.12.2021 | 00:51
Amaren Sua

Amaren Sua euskalduntasunaren jarraitzea, iraunaraztea eta etengabeko sorberritzea da txingarretik sua eta sutik txingarra sorberritzen den bezalaxe.

Munduko herri eta hizkuntza guztiek irudiak, sinboloak eta metaforak sortzen dituzte bizi dutena eta gertatzen zaiena adierazteko. Hain zuzen ere, gizakiak sortutako esanahi, irudi eta sinbolo horiek osatzen dute munduko herrien kultura eta, azken batean, sor-tzen dituzten metafora horiek –irudi horiek– bizi duten egunerokotasunaren azalpen sinbolikoak dira.

Euskararen hiztun-herriak baditu bi sinbolo, baditu bi metafora bikain, bere herri egoeraren berri ematen dutenak: Aitaren Etxea eta Amaren Sua.

Aitaren Etxea

Nire Aitaren Etxea Gabriel Aresti Segurola Bilboko idazle euskaldun berriak 1964an Harri eta Herri liburuan argitaratu zuen poema dugu. Bere poemarik ezagunena da. Duela 50 urte baino gehiago Alemanian bizi den Nafarroako Beriaingo Patxi Oroz Arizkuren filologo, ikerlari, musikari eta euskaltzain ohorezkoak 740 hizkuntzatan jasota dauka Arestiren poema. Bibliaren ondoren, munduan hizkuntza gehienetara itzulita dagoen testua izango da. Horrela dio Nire Aitaren Etxea poemak izenburutik aurrera:

Nire aitaren etxea

defendituko dut.

Otsoen kontra,

sikatearen kontra,

lukurreriaren kontra,

justiziaren kontra,

defenditu

eginen dut

nire aitaren etxea.

Galduko ditut

aziendak,

soloak,

pinudiak;

galduko ditut

korrituak,

errentak,

interesak,

baina nire aitaren etxea defendituko dut.

Harmak kenduko dizkidate,

eta eskuarekin defendituko dut

nire aitaren etxea;

eskuak ebakiko dizkidate,

eta besoarekin defendituko dut

nire aitaren etxea;

besorik gabe,

sorbaldik gabe,

bularrik gabe

utziko naute,

eta arimarekin defendituko dut

nire aitaren etxea.

Ni hilen naiz,

nire arima galduko da,

nire askazia galduko da,

baina nire aitaren etxeak

iraunen du

zutik.

Arestik Euskal Herriak frankismoaren diktadurapean herri bezala bizi zuen zapalketa, zigorra eta jazarpena salatzeko idatzi zuen poema hori 1963an. Aitaren Etxea galzorian ikusten zuen Euskal Herria da. Bilboko poetaren luma zorrotzean euskarazko hitzen indarra ukaezina da arrisku bizian ikusten zuen herria babesteko, defendatzeko eta zutik iraunarazteko. Arestik, Aitaren Etxea metaforaren bidez Euskal Herria —euskaldunen lurraldea eta bizilekua— irudikatu nahi zuen, baina ez hori bakarrik. Aitaren Etxea Euskal Herria egituratzeko, erakundetzeko eta, azken batean, Euskal Herriaren lurraldetasuna eta herri izaera munduaren aurrean aldarrika-tzeko oihu zolia da. Hain zuzen ere, Aitaren Etxea Euskal Herriaren izate politiko, instituzional eta administratiboa eratzeko aldarri poetikoa da.

Amaren Sua

Amaren Suaren irudia, berriz, Otxandioko Bittor Kapanaga Elorza euskaltzale argiaren sorkuntza da. Behin, Gabriel Aresti eta Bittor Kapanaga elkarrekin ari zirela, Bittorrek halaxe esan omen zion Arestiri:

- Bai. Hori ondo dago... Aitaren Etxea behar dugu, nahitaez. Baina, gure izatasunari eusteko, atzerago egin behar dugu, aurrera egiteko... Amaren Sua berpiztu behar dugu.

Amaren Sua! - Amaren Sua euskaratik datorkigun izatasuna dugu. Amaren Sua Aitaren Etxearen baitan, erdigunean kokatuta dago. Amaren Suak argitasuna eta berotasuna ematen dio Aitaren Etxeari. Amaren Suak elkartzen ditu etxekoak. Amaren Sua da etxekoen elkargune eta harreman lokarri. Etxekoak Amaren Suaren jiran, sutondoan, elkartzen dira eta su horrek berotzen ditu kanpo eta barru, izan ere, su horretan ontzen dituzten elikagaiekin elika-tzen dira, gorputz eta arima. Amaren Surik gabeko Aitaren Etxea berotasunik eta argirik gabeko teilape ilun batean dauden lau horma hotz, huts eta hits bestetik ez dituen herri galdua da, izan nahi duena eta izaterik ez duena.

Bittor Kapanagak zioen atzera begiratu behar dugula aurrera egiteko. Amaren Sua historiaurretik bizirik iritsi zaigun herri izatasunaren lokarri bakarra da. Garai batean, Euskal Herriko baserrietan sua gal ez zedin gauez txingarra errautsetan biltzen zuten hurrengo goizean hauspotuz sua berriro berpizteko eta iraunarazteko. Amaren Sua euskalduntasunaren jarraitzea, iraunaraztea eta etengabeko sorberritzea da txingarretik sua eta sutik txingarra sorberritzen den bezalaxe.

Amaren Sua elementu zentrala da Aitaren Etxearen herrigintzan. Aitorren hizkuntza zaharrak herri izaerako lotura sendo bat ematen dio euskaradun jendeari. Izan ere, egitekotan, beste inongo lokarrik baino estuago, euskarak egiten gaitu herri. Zazpi Euskal Herrietan, eta munduan barrena ere bai, euskalgintzan diharduen euskaltzale jendea Amaren Sua hauspotzeko, elika-tzeko, indartzeko eta iraunarazteko eginahaletan dabil setati Euskal Herriaren izatasuna hizkuntzan dagoela sinetsita.

Amaren Sua euskaratik eta euskaradun izatetik sortutako izatasuna dugu eta izate horretan datza Euskal Herriaren jarraikortasuna, herri izaten jarraitzearen etorkizuna. * Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea

noticias de noticiasdealava