Síguenos en redes sociales:

Itsasmuseum Bilbaok eta BBK-k 'Zer da itsasoa zuretzat?' lehiaketaren izen-ematea ireki dute

Apirilaren 15era arte egongo da zabalik

Itsasmuseum Bilbaok eta BBK-k 'Zer da itsasoa zuretzat?' lehiaketaren izen-ematea ireki duteUtzitakoa

Itsasmuseum Bilbao museoak eta BBK-k Zer da itsasoa zuretzat? lehiaketaren bigarren edizioan izena emateko epea ireki dute, eta apirilaren 15era arte egongo da zabalik https://itsasmuseum.eus/eu/zer-da-itsasoa-zuretzat/ web orrian.

DBHko ikasleek haien inguruko pertsona nagusiei grabatutako elkarrizketa lehiaketa da, eta itsasoa belaunaldien arteko elkarrizketaren abiapuntua bilakatzea da helburua, "Bizkaiko gazteei itsas munduak gure historian eta izaeran duen garrantzia hurbilduz eta gure memoria kultural kolektiboa kontserbatzen lagunduz".

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketa Bizkaiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1., 2. eta 3. mailetako ikasleei zuzenduta dago. Jarduera eskola curriculumarekin bat dator, Oinarrizko Zehar eta Diziplina Barneko Konpetentziak garatzeko edukiak lantzeko diseinatuta baitago. Ikasleek ikastetxearen eskutik zein modu librean parte har dezakete, banaka edo gehienez lau laguneko taldeetan.

Lehiaketak "aukera paregabea" eskaintzen die ikasleei itsas ondarearen aberastasuna aztertzeko adinekoen bizipenen bidez. Ildo horretan, ekimenak helburu bikoitza du: belaunaldien artean bizitza eta jakinduria esperientzien transmisioa sortzea, eta nerabeen artean tresna digitalen erabilera arduratsua eta sortzailea sustatzea.

Zer da itsasoa zuretzat? galderatik abiatuta adineko pertsona bati edo bat baino gehiagori hiru eta zortzi minutu bitarteko elkarrizketa bat egitea da erronka, euskaraz edo gaztelaniaz. "Itsasoak, gure kulturaren elementu nabarmen gisa, esanahi bat du pertsona bakoitzarentzat, eta prozesu horren bidez, gure aitona-amonekin istorioak, ezagutzak eta bizipenak partekatzeko zubia, aitzakia bilakatzea, bilatzen da", azaldu dute.

Inspiratzeko eta jorratu daitezkeen gaien aniztasuna ezagutzeko, Itsasmuseum Bilbaok parte hartuko duten ikasleak museoa doan bisitatzera gonbidatuko ditu.