Síguenos en redes sociales:

Esperantza haur eta gazteentzako ekipamendua jarriko da martxan ostegunean Bilbon

Esperantza haur eta gazteentzako ekipamendua jarriko da martxan ostegunean BilbonUtzitakoa

Bilboko Udalak Esperantza haur eta gazteentzako ekipamendua jarriko du abian ostegunean, otsailaren 29an, Zazpi Kaleetan. Haur eta nerabeentzako ekipamendua da, bost solairu ditu, Itxaropen kaleko 4 zenbakian dago eta hainbat zerbitzu eskainiko ditu, hala nola haurgunea, gaztegunea, liburutegi mediateka eta frontoia. Herritarrek ekipamendua ezagutzeko aukera izango dute ostegunetik larunbnatera, ateak zabalik izango baitira.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 1.484.283,80 euroko inbertsioa egin du ekipamendu berrian eta espazioak hiru printzipioren arabera banatu ditu: erabilera asko eman ahal izatea, moldatzeko erraztasuna eta zabaltasuna. Guztira, 1.270,77 metro koadrotan egin dira lanak.

Eraikinaren zerbitzuak igogailuen ondoan jarri dira (komunak, biltegia, bulegoa edo edoskitze gela, besteak beste), solairuen arteko zerrenda trinko batean. Horrela, ahalik eta azalera handiena eskainiko da jardueretarako.

Esperantza espazio sozio-hezitzaile, parte hartzaile eta hurbilekoa da, ikasi, esperimentatu, dibertitu, kirola egin eta gizarteratu ahal izateko, euskaraz. Ikuspegi integral batetik diseinatu da, haurrek eta nerabeek beren zerbitzuetan zehar ibiltzeko ibilbide gisa, betiere profesionalen aditu talde batek lagunduta. Profesionalek prestakuntza izango dute eraikinean eskainiko diren zerbitzuetan eta esperientzia adin txikikoekiko hartu-emanetan, beren aldi desberdinetan.

Beste proposamen batzuen artean, 'maker' laborategi bat egongo da eta bertan, 3D inprimagailuak, josteko makinak, programatzeko softwarea, ordenagailuak, ikus-entzunezko ekipoak, chroma, podcasta, robotika eta bestelakoak egongo dira, baita 'Bizilibe' programan parte hartzeko aukera ere, Elhuyarrekin eta Bilbao Ekintzaren lankidetzarekin.

Horrez gain, STEAM tailerretan ere parte hartu ahal izango da, non jolasaren eta esperimentazioaren bidez, zientziaren, teknologiaren, artearen edo matematikaren arloetan gaitasunak gara daitezkeen. Taldeak sortu eta Innobasquek sustatutako First Lego League lehiaketan parte hartzeko edo Green Power lehiaketan parte hartzeko auto elektriko bat eraikitzeko aukera ere izango dute.