Herrandarren kaleko ingurua bulebar berde handi bihurtzeko lanek erritmo onean jarraitzen dute aurrera, eta hirugarren faseko lanak direla eta, abuztuaren 12tik, astelehenetik, aurrera, Herrandarren kalea Askatasun kaletik hasita itxi beharko da. Egun horretatik aurrera, bide hori itxita egongo da zirkulaziorako Askatasun eta Estenaga Apezpikuaren kaleen artean, eta Herrandarren kalearekiko lotura berreskuratuko du.
Bide horren itxiera iraunkorra izango da; izan ere, obrak amaitutakoan, oinezkoentzako gune bihurtuko da.
Ibilgailuak Askatasun kalera sartu ahal izango dira, Frantzia kalerantz gaur egun dagoen noranzkoa mantenduko baita, baina gainerako bideetarako (Prudencio Maria Berastegi, La Paloma, Arana, Pedro Orbea eta Estenaga Apezpikua) sarbideak Frantzia kaletik egingo dira. Pedro Orbea eta Herrandarren kaleen arteko zatia kale itsu bihurtuko da.
Desbideratze horiek behar bezala seinaleztatzeaz gain, Espazio Publikoaren eta Auzoen Saila auzoan informazio-kanpaina egiten ari da. Horretarako, mozketa eta alternatiba horien berri ematen duten kartelak jarri dituzte atarietan eta saltokietan. Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez, “Herrandarren kaleko obrak kontratuan aurreikusitako epeetara egokitzen ari dira oraingoz. Ez da gorabehera eta atzerapen handirik izan eta hirugarren fasea Herrandarren kalea bera eraberritzea izango da. Lan horiei esker, klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezkoa izango den etorbide berde handi bat izango da. Jose Mardones kalea erabat asfaltatuta, bultzada handia eman ahal izan diogu helburu handiak dituen eta ilusio handia piztu duen proiektu eraldatzaile honi”.
Proiektuak17 hilabeteko gauzatze-epea du (obrak 2023ko urrian hasi ziren eta 2025eko udaberrian amaitzea aurrez ikusi da) eta 12 milioi euroko inbertsioa eskatu du. Proiektuak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Bioaniztasuna Fundazioaren laguntza jaso du Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsekin finantzatutako Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan.