Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %0,2 igo da abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aurreko hilaren aldean, eta horrela, urte arteko tasa %2,6ra heldu da. Era berean, prezioak %2,9 igo dira urtarriletik abuztura bitartean, INE estatistika erakundeak ostegun honetan plazaratutako datuen arabera.
Sektoreka, aurreko hilaren aldean, prezioek gora egin dute etxebizitzan (+%0,7), tresnerian (+%0,2), sendagaietan (+%0,3), aisia eta kulturan (+%1,8), hotel, kafe eta jantokietan (+%0,4) eta besteetan (+%0,1). Hezkuntzan prezioak ez dira aldatu (%0,0), eta behera egin dute elikagai eta alkoholik gabeko edarietan (-%0,2), alkoholdun edari eta tabakoan (-%0,8), jantzi eta oinetakoetan (-%0,5), garraioan (-%0,8) eta komunikazioetan (-%0,1).
Era berean, urte arteko aldiari dagokionez (aurtengo abuztua iazkoaren aldean), prezioak garraioan (-%1,1) eta komunikazioetan (-%0,2) soilik jaitsi dira, gainerakoetan igo egin baitira: elikagai eta alkoholik gabeko edarietan %3,6, alkoholdun edari eta tabakoan %3,8, jantzi eta oinetakoetan %1,9, etxebiztzan %4,2, tresnerian %1,6, sendagaietan %2,8, komunikazioetan %1,4, hezkuntzan %2,0, hotel, kafe eta jantokuetan %4,3 eta besteetan %3,5.
Azkenik, 2024. urteko urtarriletik abuztura bitartean, prezioek jantzi eta oinetakoetan (-%12,5) eta hezkuntzan (-%0,1) bakarrik egin dute behera. Horrela, elikagai eta alkoholik gabeko edarietan %2,2 igo dira urteko lehen zortzi hilabeteetan, alkoholdun edari eta tabakoan %5,2, etxebizitzan %5,8, tresnerian %0,6, sendagaietan %2,1, garraioan %1,4, komunikazioetan %1,3, aisia eta kulturan %6,5, hotel, kafe eta jantokietan %6,0 eta betseetan %3,1.