- Hegaluzearen arrantzaldia gaur gaueko hamabietan amaituko da, horrela erabaki baitu Espainiako Gobernuko Arrantza Ministerioak 2020 urterako kuota agortzear dagoela ikusita. Espainiako banderapean arrantzan ari diren ontziek -Kantaurikoek eta Kanarietakoek batez ere- 16.262 tona hegaluze harrapatzeko aukera dute aurten eta aste honen hasieran kopuru horren %92,43a zuten harrapatua. 1.231 tona bakarrik geratzen direla eta eguneko harrapaketa erritmoa kontuan izanda, Espainiako gobernuak erabaki du arrantzaldia ixtea gaur gaueko 12etatik aurrera.
Ordu horretatik aurrera Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontziek ezingo dute hegaluzerik harrapatu eta ordura arte barruan duten arraina lehorreratzeko aukera besterik ez dute izango. Ontzi batzuk Irlanda ugartearen hego mendebaldean ari dira arrantzan, Matxitxakotik ia 600 itsas milara, eta hiru eguneko zeharkaldia egin beharko dute arrantzatzeari utzi eta etxera itzuli arte. Hegaluzea harrapatzeko debekua ez da arrantzale profesionalentzat bakarrik izango. Kirol ontzientzat ere itxita geratuko da hegaluzearen arrantzaldia. Kontuak kontu, inoizko kanpainarik laburrena izan da aurtengoa.
Arrantzaleentzat ez da ezustekoa izan hegaluzearen arrantzaldiaren itxiera. “Espainiako gobernutik jasotako datuen arabera, kuotaren %90a baino gehiago arrantzatuta genuen aste hasierarako eta kopuru horretara iritsita Madrilek arrantzaldia ixtea erabaki izan du aurreko urteetan” adierazi dute Bizkaiko kofradietatik. 2019an, abuztuaren 27an amaitu zen arrantzaldia Espainiako gobernuak horrela aginduta. 2018an abuztuaren 23an itxi zuten, 2017an urriaren 13an eta 2016an urriaren 5ean.
Hegaluzearen arrantzaldiaren amaiera albiste txarra bada ere, azpimarratzekoa da Gipuzkoa eta Bizkaiko ontziek oso harrapaketa onak lortu dituztela ekainean itsasoratu zirenetik. Azken urteetan gertatu bezala, hegaluze sardak goiz sartu dira Bizkaiko Golkora eta ontziek arrantzaldi oparoa izan dute, kainaberak eta beita bizia erabiliz ari direnek batez ere. Gainera, portuetan arrain asko sartu arren, hegaluzearen prezioak ez du beherakadarik izan eta kontserbarako arraina 3,5 eurotan saldu da kiloa batez beste.
Aurtengo kosterak gauza bi utzi ditu argi berriz ere: alde batetik hegaluze stocka osasuntsu dagoela eta bestetik, Espainiak duen kuotak ez dituela hasetzen flotaren beharrak. “Azken urteetan hegaluze asko aurkitzen dugu itsasoan eta harrapaketak onak diren arren, arrantzaldia eten eta porturako bidea hartu behar dugu kuota agortu dugulako. Bien bitartean, Frantzia eta Irlandako ontzi pelagikoek lanean jarraitzen dute eta gure merkatura bialtzen dute euren arraina, kalitate baxukoa izan arren” salatu dute euskal arrantzaleek.
Etorkizunari begira, aurten egindako ikerketaren emaitza onak ikusita, biologoek gomendatzen dute Urteko Harrapaketa Muga %12,5 igotzea eta 37.801 tonakoa topea ezartzea hegaluzearentzat hurrengo hiru urteetarako. Kontuak kontu, 4.200 tonako igoera izango litzateke 2021-23 aldirako. Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontziei dagokienez, aurten 16.000 tona inguru dituzte harrapatzeko eta ICCATeko biologoen planteamenduak batzordearen babesa jasoko balu, beste 2.000 bat tona arrantzatzeko aukera izango lukete hurrengo hirurtekoan.
1.231
Tona bakarrik geratzen dira harrapatzeko. Espainiako banderapean arrantzan ari diren ontziek 16.262 tona hegaluze harrapatzeko aukera dute aurten eta aste honen hasieran kopuru horren %92,43a zuten harrapatua. Horregatik Espainiako gobernuak erabaki du arrantzaldia ixtea.