Aerobicak bere indarra erakusten du

Biribildu bikain aritu zen Arabako Federazioak joan den larunbatean antolatutako txapelketan, eta Belesar eta Revelé klubak maila handian lehiatu ziren

04.05.2022 | 19:44

Araban, aerobik federatua haziz joan da azken urtetan, eta klub bakarra izatetik (Biribildu) beste bi (Belesar eta Relevé) izatera igaro da. Joan den asteburuan gimnastika modalitate honen zaleek aerobic maila on batez gozatu zuten Arabako Federazioak antolatutako txapelketan. Seigarren edizioan, Arabako 3 klubez gain, Urdaneta bizkaitarrak eta Gimnasia Soria Klubak hartu zuten parte. Maiatzaren 27tik 29ra Torrenten (Valentzia) ospatuko den Espainiako Txapelketaren gertutasuna dela eta, topaketa baliagarria izan zen kirolari eta klubek lehiaketa horretara eramango dituzten koreografiak erakusteko eta, gainera, hitzordu horri begira duten maila egiaztatzeko.

Lehiaketa
15 eta 25 urte bitarteko 70 gimnasta lehiatu ziren kirol-diziplina honetako modalitate guztietan: banakakoa, binakakoa, hirukoteak, taldeak, aerodancea eta aerostepa. Kirol honetan, nazio arloan, mailaka lehiatzen da, eta San Andres Kiroldegiko kantxan gimnastak atera ziren 3. mailatik 8.era lehiatzeko; maila autonomikoan, berriz, kadete eta jubenil mailetan lehiatu zen. Koreografia bakoitzaren hiru alderdi baloratu ziren: zailtasuna, artea eta burutzea. Zailtasuna indar-, jauzi-, biraketa- eta malgutasun-ariketetarako puntu-taula batzuen arabera baloratzen da. Artean musika ariketara egokitzea, originaltasuna eta aurkezpena baloratzen dira, eta burutzean perfekzio teknikoa hartzen da kontuan. Kontsiderazio hauen ondorioz, 15 kategoriatan jokatu ondoren, Biribildu klubak sei urre irabazi zituen, Club de Gimnasia Soriak bost, Belesar klubak bi eta Revelek beste bi.

8. maila
Biribilduk eta Soriako gimnastek parte hartu zuten 8. mailako emanaldiak nabarmenenak izan ziren, konplexutasunagatik eta maila altuagatik. Etxeko kirolariei dagokienez, Pablo Corresek, gizonezko banaka, txalo asko jaso zituen eta ahalmen handiko gimnasta dela erakutsi zuen. Emakumezkoetan, Soraya Jimenezek ere kirol hau berarentzat egina dagoela erakutsi zuen.

Aerobic Araban
Gure lurraldean, gaur egun, 50 lizentzia federatu inguru daude, eta urtetik urtera gora egiten ari da; izan ere, kirol-irteera bat da, beste modalitate batzuetan (erritmikoan, esaterako) urte asko daramatzaten gimnastek kirol-oinarri sendoa eta komuna duen modalitatean kirola egiten jarraitu nahi dutenean.

Biribildu Arabako mailarik handieneko kluba da, eta hainbat dominarekin itzuli ohi da Espainiako Txapelketatik. Aurten Torrentera joango da arrakastak errepikatzeko asmo sendoarekin. Gainera, nazioartean ere lehiaketa askotan nabarmendu da, batez ere aerostep modalitatean. Relevé, bere aldetik, gimnasta-kopuru apalagoa duen kluba da, baina bere emanaldiekin ere ohikoa da dominak eskuratzea nazionaletan.

Txapelgym
Arabako Gimnastika Federazioak eskolako erritmika eta aerobik jardueren egutegiarekin aurrera jarraitzen du maiatzeko asteburu guztietan San Andres Kiroldegian, baina, horrez gain, goi mailako hitzordu bat prestatzen ari da erakundea, eta estatuko eta nazioarteko emakumezko gimnasta artistiko garrantzitsuenak ekarriko ditu Gasteiza. Txapelgym maiatzaren 13tik 15era ospatuko da Mendizorrotzako Kiroldegian eta, momentuz, estatuko 30 klubetako 500 gimnastak eman dute izena, Frantziako gimnasta garrantzitsuez gain.

noticias de noticiasdealava