Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren 21. edizioa irailaren 22tik 24ra egingo da, Donostia Zinemaldiaren 73. edizioaren esparruan, eta proiektuak aurkezteko epea zabalik dago, ekainaren 27ra arte.

Ekimena EPE-IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak antolatu du, Donostia Zinemaldiaren lankidetzan.

Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, hautatutako proiektuek 'commissioning editors' delako panelean aurkezteko aukera izango dute, bai eta dokumentalarekin lotutako balizko finantzatzaile eta ikus-entzunezkoen eta zinemagintzako adituekin elkartzeko eta banakako bilerak egiteko ere. Halaber, besteak beste, 'pitch' onenaren saria eskuratu ahal izango dute, 5.000 eurokoa.

Parte hartu nahi duten ekoiztetxeek ekainaren 27ra arteko epea dute proiektuak inskribatzeko foroaren webgunearen bitartez, eta uztailean emango da hautatuen berri. https://www.epe-ibaia.eus webgunean ere aurki daiteke deialdiari eta inskripzio prozesuari buruzko informazio guztia.

Bestalde, Bilboko Udalak 'Artistak egoitzan' programaren 17. edizioa antolatu du BilbaoEszena baliabide eszenikoen zentroaren bitartez, eta parte hartu nahi duten euskal konpainiek eta artistek proposamenak aurkezteko epea ostiralean amaituko da, apirilaren 11n.

Deitzaileek azaldu dutenez, BilbaoEszenak gehienez ere sei proiektu artistiko aukeratuko ditu, eta horien helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izan beharko dira. Deialdia Euskadiko artista eta konpainiei bakarrik zuzenduta dago.