Eskua aurpegitik pasa, eta bai, garaia iritsi dela dirudi. Ez naiz oporretan bizarra moztu zalea, izan ere aurpegiko ilea oporraldiaren bitakora moduko bat bihurtzen da, bidaiaren luzeraren ebidentzia naturala. Halako bidaia luzea, halako Robinson Crusoe bizarra. Hala ere, bizartegi autentiko bat ikusi dut, zahar-zaharra, eta bertaratzea otu zait.
Jubilatzeko aukera izango balu, honezkero aspaldi erretiratuta egongo zen agure bat da bizartegiko langilea. Kolorea erdi galdua duen paisaia menditsu baten posterra da lokalaren apaingarri bakarra. Bizarra ukituz keinua egin diot, zertara nindoan nahiko begi-bistakoa ez bazen. Berak ezezkoa luzatu dit burua astinduz. Agian ondo ulertu ez nauen zalantzaz bizarra moztearen keinua egin diot. Berak, berriz ezetz. Etsita, nahasia eta egoera ulertu gabe, belarriak makurtu eta bertatik alde egin dut.
Përmet-eko kaleetan gora eta behera osteratxo bat eman dugu, noraezean. Okindegi bateko usain goxoak desbideratu du gure ausazko bidea. Espinaka eta gazta bete byrek bana eskuan, enpanada moduko mokadu arrakasta-tsuez gozatu dugu. Terrazetan jende mordoa ikusten da kafea edaten edo berriketan. Jende nagusia gehien bat, dotore, dotoreegia agian larunbat soil baterako, eta baten bat paparrean intsigniaren bat zintzilik duela. Aurrerago brontzezko partisano gudari baten eskultura aurrean bilduta ikusi ditugu dezente. 1944ean, gerran zeudela oraindik, Përmeteko Biltzarra izenez ezaguna den bilera egin zuten hemen, Albaniako erregimen komunistaren sorrera finkatuz. 81 urte geroago, nostalgikoak, kamaraden besarkadak eta turisten selfieak elkartu dira oroigarriaren babespean.
Kotxera igo eta Vjosa ibaian gora joan gara ur lerroari jarraika dabilen errepidetik. Bizikletan modu antolatuan bidaiatzen dabiltzan taldeak ikusi ditugu, alemaniarrak gehien bat, eta gure ibilgailuaren lau gurpiletatik bi soberan daudela sentitu dugu. Gaurko gaua Tepelenë izeneko herrian igarotzea pentsatu dugu, eskualdeko hiriburuan; eta, larunbata izanda, giro pixka bat topatzeko esperantzarekin. Erdiguneko muinoan dagoen hiri harresitura sartzean, ordea, diru laguntzen ahalmenak eta miseriak begi-bistan azaldu dira. Harresi barneko etxe asko konpontzen ari dira, baita harlanduzko espaloi dotoreak ere, dena txukun-txukun utziz. Hori bai, azken zentimoa gastatu den lekuan bertan, erdi jausitako murruak eta lokatzezko bideak azaltzen dira.
Giro pixka bat dagoen tabernara, alegia hutsik ez dagoen bakarrera, joan gara, bere garaian bisitan etorri zen Lord Byron poeta ingelesaren omenez izendaturiko plazan bertan dagoena. Larunbateko arratsaldeko 7ak badira ere, garagardo bat edaten ari den bakarra naiz. Kafea da modu nabarmenean hemengo edari preziatuena, bertakoen arreta alertan mantenduz, baina ezezagunekin berriketarako interes handirik piztu gabe.
Goizean nonbaiten irakurri dugun Ujëvara e Peshturës ur-jauzietara jo dugu. Errepidea jarraitu eta bihurgune batean, hortxe, topatuko omen ditugu. Testuan agertzen ez zena, igo beharreko portutzarra zen, munduko txirrindulari onenak ere ataka larrian jartzeko modukoa. Progonat herrira iristean, bost pauso eman eta jaitsiera zail batek fantasiazko paisaia batera eraman gaitu. J.R.R. Tolkienen ur jauzi infinituko munduan bageunde bezala, naturaren gutizia estetikoak harritu besterik ezin gaitu egin. Albaniako lamiak ez dira oso urrun ibiliko.
Amaiera kutsua hartzen hasia da gure bidaia eta errutinara itzuli aurretik lasaitasun pixka bat topatze aldera kostaldean jarri dugu jo muga. Ukondoa leihatilaren ertzean jarrita Albaniako rivierako edertasunaz gozatzea zen asmoa, baina edertasunak kale egin ez badu ere, kateaturiko bihurgune kopuruak gure aurpegiak zertxobait zurbildu ditu. Bihurgune bateko, non bestela, kafetegi inprobisatu batean bertakoen zurrut iluna dastatu dugu, paisaiari begirada patxadatsu bat botatzeko probestuz. Olibondoz eta limoiondoz estaliriko mendi malkartsuak goitik behera doaz itsaso urdin eta berde distiratsuarekin talka egin arte. Tarteka, mendi zimurren artean, kala txikiren bat, edo zorte pixka batekin hondartzaren bat, ager-tzen da.
Gomendatu diguten kala polit batera joan gara eta azpijokoen txanda iritsi da. Free parking-ak agertu dira han-hemenka, baina denetan trago garesti bat ordaindu ezean ostikoa jasotzen duzu. Oraindik ez denez goi-denboraldia, aton-tzen ari diren hondartzako taberna batean aparkatu dugu bertako langileen baimenarekin. Minutu batzuk lehenago hondartza guztia pribatua zela ziurtatzen ziguten alboko zerbitzariak agurtu ditugu irribarre apur bat maltzurrarekin. Bidaia amaitzen ari den honetan Albaniari neurria hartzen ari diogunaren sentipena dugu, nire bizarra halabeharrez neurrigabe hazten ari bada ere.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">